Futbola
EA Sports Liga
Athleticen erasoak eta Osasunaren defentsak talka egin dute golik gabe berdintzeko (0-0)
I. G. | EITB MEDIA
Lehen minutuetan izan ezik, erasoko ekimena zuri-gorriek izan dute, baina gorritxoak oso ondo aritu dira defentsan, inori mesede handirik egiten ez dion berdinketa lortzeko.
-
Areso eta Yuri baloiaren lehian. Argazkia: EFE
Athleticek eta Osasunak puntuak banatu dituzte (0-0) igande honetan San Mamesen jokatu den EA Sports Ligako 29. jardunaldiko derbian. Lehen minutuetan izan ezik, erasoko ekimena zuri-gorriek izan dute, baina gorritxoak oso ondo aritu dira defentsan, inori mesede handirik egiten ez dion berdinketa lortzeko.
Gorritxoak agintzen hasi dira, eta lau minutuan lau korner eragin dituzte eraso azkarrak eginez. Horietako batean iritsi da partidako lehen aukera, Torroren burukada bat, baina baloia kanpora joan da. Zuri-gorriei, aldiz, kosta egin zaie partidan sartzea, eta erraz galdu dituzte baloiak.
Nafarren nagusitasun argiko lehen minutuen ostean, Athleticek gora egin du, eta gero eta gehiago hurbildu da Aitor Fernandezen ate ingurura. Hala ere, bi taldeei kosta egin zaie arriskua sortzea, aurkarien defentsako lan onari esker.
Ordu erdira, Osasunako atezainak bi geldiketa on egin ditu, Nicok lehenengo eta Yurik gero urrutitik egindako jaurtiketei erantzunez, markagailua bere horretan uzteko. Horrez gain, lehen zatiak ez du nabarmentzeko moduko ezer eman, eta saririk gabe joan dira atsedenaldira.
'Lehoiek' intentsitatea igotzen jarraitu dute bigarren zatian, eta Osasuna bere arean sartu dute. De Marcosek erdiraketa edo jaurtiketa arriskutsua egin du, baina atezainak ondo gelditu dio, eta Maroan Sannadiren jaurtiketa gurutzatuak ez du atea aurkitu. Nico Williamsena aukera argienetako bat izan da, baina Fernandez berriro agertu da hori ere gelditzeko.
Markagailua ez zela mugitzen ikusita, Valverdek eta Morenok hiruna aldaketa egin dituzte: Unai Gomez, Gorosabel eta Guruzeta Prados, De Marcos eta Sannadiren ordez sartu dira Athleticen; Moi Gomez, Ruben Peña eta Ibañez, berriz, Ruben Garcia, Moncayola eta Aresoren ordez zelairatu dira Osasunan.
Hala ere, ezer gutxi aldatu da partida. Athleticek erasoko ekimenarekin jarraitu du, baina Osasunak ez du hutsunerik utzi, eta, ondorioz, azkenean, puntu bat eskuratu du bakoitzak.
Fitxa teknikoa:
0 - Athletic: Unai Simon; De Marcos (Gorosabel, 57. min), Nuñez (Paredes, 82. min), Yeray, Yuri; Jauregizar, Prados (Unai Gomez, 57. min); Iñaki Williams, Berenguer (Canales, 82. min), Nico Williams; eta Sannadi (Guruzeta, 69. min).
0 - Osasuna: Aitor Fernandez; Areso (Ruben Peña, 75. min), Boyomo, Catena, Herrando, Abel Bretones; Moncayola (Pablo Ibañez, 75. min), Torro, Aimar Oroz (Jose Arnaiz, m.89), Ruben Garcia (Moi Gomez, 69. min); eta Budimir (Raul Garcia, 89. min).
Epailea: Guillermo Cuadra Fernandez. Txartel horia atera die Nuñezi eta Catenari.