Futbola
Errege Kopa
De Burgos Bengoetxeak zuzenduko du Bartzelonaren eta Real Madrilen arteko Errege Kopako finala
EITB Media
Arbitroen Batzorde Teknikoak erabaki zuenez, Ricardo De Burgos Bengoetxea euskal epaileak zuzenduko du apirilaren 26ko 22:00etan jokatuko den Kopako finala.
-
De Burgos Bengoetxea Uche kanporatzen duen momentua, Ligako Espanyol-Getafe partidan. Argazkia: EFE
Ricardo De Burgos Bengoetxea euskal epaileak zuzenduko du Bartzelonak eta Real Madrilek apirilaren 26an, 22:00etan, Cartuja estadioan jokatuko duten Errege Kopako finala. Hala erabaki du Espainiako Futbol Federazioaren Arbitroen Batzorde Teknikoak (CTA)
39 urteko epaile bizkaitarrak bere ibilbideko laugarren 'Klasikoa' zuzenduko du. 2017ko Espainiako Superkopako joaneko partida zuzendu zuen, partida horretan Cristiano Ronaldo aurrelari portugaldarra kanporatu zuelarik, baina Real Madrilek bereganatu zuen garaipena (1-3); 2023an zuzendutako Espainiako Superkopako finalean Bartzelona nagusitu zen (3-1), baita Spotify Camp Noun jokatutako 2022-2023 EA Sports Ligako bigarren itzuliko partidan ere (3-1).
De Burgos Bengoetxeak hegaletan lagun izango ditu Iker de Francisco Grijalba eta Asier Perez de Mendiola Gonzalez de Durana, marrazain gisa arituko baitira. Mateo Busquets Ferrer (Baleareak) izango da laugarren epailea.
Bestalde, Pablo Gonzalez Fuertes asturiarra izango da VAR epailea; Iñigo Prieto Lopez de Cerain eta Francisco Jose Hernandez Maeso egongo dira VOR aretoan, jokaldiak aztertzen.