Itxi

Futbola

13 urte derbirik galdu gabe

Real Madrilek beste derbi bat irabazi dio Atletico Madrili

Erredakzioa

Jose Mourinhok zuzentzen duen taldea jaun eta jabe izan da. Cristiano Ronaldok sartu du 1-0ekoa, eta Ozilek biribildu du garaipena 2-0koa sartuta.

  • Cristiano Ronaldo Atletico Madrili faltaz sartutako golaren irudia. Argazkia: EFE

Real Madrilek ez zuen kale egin Madrileko derbian. Atletico Madrili 2-0 irabazi zion Santiago Bernabeun, eta koltxoneroek hamahiru urte daramatzate Real Madrili derbirik irabazi gabe. Azken 24 derbietatik Atleticok ez du bat ere irabazi.

Partida parekatua izan zen lehen hogei minutuetan, baina ondoren Real Madril jaun eta jabe izan zen. Casillasek erantzun bikaina eman zion Falcaoren erremateari 13. minutuan, eta hura izan zen Atletico Madrilek partidan zehar izan zuen abagune bakarra. Hamaseigarren minutuan Cristiano Ronaldok faltaz sartu zuen 1-0ekoa. Portugaldarrak maisuki jaurti zuen falta, eta gol bikaina sartu zuen. Lehen zatia Real Madrilen aldeko 1-0eko emaitzarekin bukatu zen.

Bigarren zatian Atletico Madril galduta ibili zen. Jokoa eten eta ostikoak eman, besterik ez zuen egin Simeonek zuzentzen duen taldeak. Real Madrilek abagune asko izan zituen, baina kosta egin zitzaion Coutoisen atea zulatzea. Cristiano Ronaldok langara bidali zuen falta jaurtiketa bat, eta kontraeraso bikain bat bukatu zuen baloia zutoinera bidalita. 66. minutuan etorri zen Real Madrilen bigarren gola. Cristianok Ozili pasea eman, eta, honek partida erabakita utzi zuen 2-0ekoarekin.

Fitxa teknikoa:

2 - Real Madril: Casillas; Arbeloa, Pepe, Sergio Ramos, Coentrao; Khedira, Xabi Alonso; Di Maria (Callejon, 69. min), Özil (Modric, 88. min), Cristiano Ronado; eta Benzema (Jose Rodriguez, 90. min).

0 - Atletico Madril:
Courtois; Juanfran, Miranda, Godin, 'Cata' Diaz; Mario, Gabi (Tiago, 73. min); Arda (Raul Garcia, 78. min), Diego Costa, Koke (Adrian, 73. min); eta Falcao.

Golak: 1-0, 16. min: Cristiano Ronaldo. 2-0, 66. min: Özil.
Epailea: Undiano Mallenco.