Itxi

Futbola

EA Sports Liga

Barçak Real Madril garaitu du Liga erabakitzeko klasiko eroan (4-3)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Kataluniako taldeak 0-2ko markagailua irauli du lehen zatian, eta ia erabakita utzi du Liga.

  • Raphinha eta Ferran Torres. Argazkia: EFE

    Raphinha eta Ferran Torres. Argazkia: EFE

Bartzelonak ia erabakita utzi du Liga, Real Madril 4-3 mendean hartuta Lluis Companys Estadio Olinpikoan, Madrilgo taldea 0-2 aurretik jarri den arren partidaren lehen ordu laurdenean.

Barça erasoan hasi da, baina defentsan hutsuneak utzita. Madril, aldiz, bere momentuaren zain geratu da, Mbapperen abiadura baliatzeko asmoz.

Ancelottiren mutilek bi gol sartu dituzte lehen ordu laurdena jokatu baino lehen. Kylian Mbappek egin ditu biak. Lehenengoa hamaika metroko puntutik heldu da (0-1).

Bigarrena kontraeraso batean egin du. Viniciusek pase ona eman du, eta Mbappek baloia gurutzatu du (0-2).

Flicken taldeak gora egin du, eta 30 minutu bikain jokatu ditu. Eric Garciak 2-1ekoa sartu du korner batean.

13 minutu geroago, Lamine Yamal agertu da ezkerkada batekin berdinketa lortzeko (2-2).

Barçak gehiagoren bila jarraitu du, eta ia hurrengo jokaldian hirugarrena sartu du. Pedrik Mbapperen eta Ceballosen arteko akatsa aprobetxatu du Raphinhari baloia emateko, eta horrek Courtois gainditu du (3-2).

Madril galduta zebilen, Kataluniako taldearen erasoei aurre egin ezinik, eta Raphinhak laugarren gola sartu du (4-2) atsedenaldira iritsi aurretik.

Aurretik, VARak baliorik gabe utzi du De Jongek Mbapperi egindako penaltia. Atsedenaldiaren ostean, Lamine Yamalek bosgarrena sartu du, baina ez da markagailura igo, epaileak jokoz kanpokoa adierazi baitu.

Etxekoek partida kontrolpean zutela zirudienean, beste akats batek Mbapperen hat-tricka ekarri du (4-3).

Epaileak eta VARak ez dute penaltia adierazi Tchouamenik area barruan baloia eskuarekin jo badu ere, eta epaileak baliorik gabe utzi du Tchouamenik berak korner batean sartutako gola, Mbappe jokoz kanpo zegoelako. Ferminen gola ere ez da markagailura igo, baloia kontrolatzeko orduan besoan jo baitio, baina, hala ere, Bartzelonak ia erabakita utzi du Liga.

Fitxa teknikoa:

4 - Bartzelona: Szczesny; Eric Garcia (Hector Fort, 77. min), Cubarsi (Christensen, 57. min), Iñigo Martinez, Gerard Martin (Balde, 58. min); De Jong, Pedri; Lamine Yamal, Olmo (Fermin, 77. min), Raphinha; eta Ferran Torres (Gavi, 89. min).

3 - Real Madril: Courtois; Lucas Vazquez (Endrick, 84. min), Tchouameni, Asencio, Fran Garcia; Valverde, Ceballos (Modric, 46. min), Güler (Brahim, 46. min), Bellingham; Vinicius (Victor Muñoz, 88. min) eta Mbappe.

Golak: 0-1: Mbappe (p.), 5. min. 0-2: Mbappe. 1-2, 14. min: Eric Garcia, 19. min. 2-2: Lamine Yamal, 32. min. 3-2: Raphinha, 34. min. 4-2: Raphinha, 45. min. 4-3: Mbappe, 70. min.

Epailea: Hernandez Hernandez. Txartel horia atea die Valverde, Tchouameni, Araujo, Asencio, Iñigo Martinez, Fermin eta Pedri jokalariei.