Futbola
EA Sports Liga
Hansi Flicken Bartzelonak Liga bereganatu du, Lamine Yamalek gol ikusgarria eginda
Agentziak | EITB Media
Bartzelonak garaipena behar zuen Espanyolen aurka bere 28. Liga eskuratzeko, eta ez zuen hutsik egin. Lamine Yamal eta Fermin izan ziren golegileak.
-
Lamine Yamal eta Balde, gola ospatzen. EFE
Bartzelonak bereganatu du EA Sports Liga, 2024-2025 denboraldia amaitzeko bi jardunaldiren faltan. Ostegunean, Hansi Flicken taldeak Espanyol menderatu behar zuen RCDE estadioan, eta ez zuen hutsik egin.
Norgehiagoka estua izan zen, Lamine Yamal agertu zen arte. Jokalari gazteak sekulako gola sartu zuen bigarren zatian, eta partida Barçaren alde bideratuta utzi zuen.
Hortik aurrera, Espanyolek aurrera egin behar izan zuen, eta Bartzelonak erosoago jokatu zuen. Gainera, 80. minutuan, jokalari bat gutxiagorekin geratu zen etxeko taldea, epaileak Cabrera kanporatu zuelako.
Luzapenean iritsi zen Barçaren bigarren gola. Ferminek sartu zuen, eta orduan lehertu zen blaugranen poza.
Hansi Flicken taldeak denboraldi bikaina egin du, hasieran inor gutxik espero ez bezala, eta hiru titulu eskuratu ditu: Liga, Errege Kopa eta Espainiako Superkopa. Gainera, joko ikusgarria egin du, eta Real Madrilen aurka jokatu dituen partida guztietan gailendu da.
Espanyolek, berriz, hurrengo bi jardunaldietan borrokan jarraitu beharko du mailari eusteko ahaleginean.