Itxi

Futbola

Finala

Tottenhamek Manchester United menderatu du San Mameseko finalean (1-0), eta Europa Ligako txapelduna da

EITB Media

Brennan Johnsonek sartu du, 42. minutuan, Londreseko taldeari titulua eman dion gola. Manchester United indartsu saiatu da bigarren zatian, baina ezin izan du berdinketa lortu.

  • Tottenhamek irabazi du 2024-25eko Europa Liga. Argazkia: EFE.

    Tottenhamek irabazi du 2024-25eko Europa Liga. Argazkia: EFE.

Tottenham Hotspur taldeak 2024-25 denboraldiko Europa Liga irabazi du, asteazkenean, San Mamesen, txapelketako finalean Manchester United 1-0 mendean hartuta. Brennan Johnsonek sartu du, 42. minutuan, Londreseko taldeari titulua eman dion gola; Manchester United indartsu saiatu da bigarren zatian, berdinketaren golaren bila, baina ezin izan du lortu.

Balio handiko garaipena eskuratu du Tottenhamek. Londreseko taldeak hirugarrenez eskuratu du Europa Liga; izan ere, 1972an eta 1984an ere irabazi zuen, txapelketak UEFA Kopa izena zuela. Horrez gain, Premier Leaguen gaizki aritu bada ere, titulu hau lortuta badauka txartela hurrengo Txapeldunen Ligan lehiatzeko. Guztiz bestelakoa da Manchester Uniteden egoera; Ligan, Tottenham bezala, txarto ibili da, eta ez du nazioarteko txapelketarik jokatuko 2025-26 denboraldian.

Bi taldeak oso parean aritu dira partida hasieran; sendo zebiltzan berdegunean, baina erasoan ezer gutxi ari ziren erakusten. Tottenhamek eta Manchester Unitedek elkar indargabetu dute ia-ia lehen zatiko amaierara arte; hala ere, Londreseko taldeak aurrea hartu du markagailuan, 42. minutuan. Hain zuzen, Pape Sarrek, ezkerretik, erdiraketa bikaina bota du area txikira, oso itxia, eta Brennan Johnson Unitedeko atzelariak baino trebeago ibili da; galestarraren atzean Luke Shaw zegoen, eta baloiak Manchesterreko jokalariaren besoa ukitu du.

Atsedenaldiaren ostean, partidak ildo beretik jarraitu du; biak ala biak indar handiz ari ziren jokatzen, baina zehaztasunik gabe. 68. minutuan, Manchester Unitedek oso gertu izan du banakoa; Vicario, Tottenhamen atezaina bera, gaizki ibili da irteera batean, eta Hojlundek buruz errematatu du, baina, baloia barrura zihoala, Van de Ven atzelariak bikain saihestu du gola. Jokaldi horrek guztiz esnarazi du Manchesterreko taldea; partidako amaierara bitartean, Ruben Amorimen jokalariek asko estutu dute Ange Postecogluk zuzentzen duen taldea.

Bruno Fernandesek, gutxigatik kanpora irten den burukada batean, Garnachok, Vicariok erantzun oso ona eman dion jaurtiketa baten bidez, eta, bereziki, Shawk, 97. minutuan, Tottenhamen atezain italiarrak bikain gelditu duen burukada batean, finala luzapenera eramateko aukera garbiak izan dituzte, baina Tottenham Hotspursek eutsi egin dio, eta 2024-25 denboraldiko Europa Ligako txapelduna da. Jokalariek eta zaleek pozarren jaso dute garaikurra, San Mameseko berdegunean.

Fitxa teknikoa

1 - Tottenham: Vicario; Porro, Cuti Romero, Van de Ven, Udogie (Spence, 90. min); Bentancur, Bissouma, Sarr (Gray, 90. min); Johnson (Danso, 79. min), Richarlison (Son, 67. min) eta Solanke.

0 - Manchester United: Onana; Mazraoui (Dalot, 75. min), Yoro, Maguire, Shaw, Dorgu (Mainoo, 90. min); Casemiro, Mount (Garnacho, 71. min), Fernandes; Amed Diallo eta Hojlund (Zirkzee, 71. min).

Gola: 1-0, 42. min: Brennan Johnson.

Epailea: Felix Zwayer (Alemania). Tottenhameko Van de Ven, Richarlison eta Bissouma, eta Manchester Unitedeko Diallo, Zirkzee eta Mcguire zigortu ditu, txartel horia aterata.

Nabarmentzekoa: 49.224 zale izan dira, San Mamesen.