Futbola
Champions League
Arsenalek bereganatu du Txapeldunen Liga, eta bukatu da Barçaren erreinaldia Europan
Agencias | EITB Media
Aitana Bonmatiren eta Alexia Putellasen Bartzelona ahaltsuak bere laugarren Txapeldunen Liga eskuratu nahi zuen, baina Arsenalek ezustekoa eman du Lisboako final handian, 0-1 gailenduta.
-
Arsenaleko jokalariak, Txapeldunen Ligako koparekin. EFE
Arsenalek irabazi du Txapeldunen Liga, Jose Alvalade (Lisboa, Portugal) estadioan gaur jokatu den final handian, Bartzelona 0-1 menderatuta. Stina Blacksteniusek sartu du Londresko taldearen garaipenaren gola, 75. minutuan.
Barçak bere historiako laugarren Txapeldunen Liga, hirugarrena jarraian, eskuratzea zuen helburu, baina egun erabakigarrian kale egin du. Arsenalek, berriz, bigarrenez bereganatu du titulu hori, 2007an lehendabiziko kopa altxatu eta gero.
Bartzelonak izan du baloiaren jabetza eta, oro har, nagusi izan da zelaian, baina ez du asmatu aurkariaren ate inguruan, eta Arsenalek gola sartu ondoren, ez du ahalmenik izan norgehiagoka berdintzeko eta emaitza iraultzen saiatzeko.
Markagailua alde zutela ikusita, talde ingelesa atzean sartu da, eta Barçak baloi luzeak jota saiatu da min egiten. Edonola ere, Arsenalek kontraerasoan partida ixteko aukera ere izan du, baina Blacksteinusi jaurtiketa gora joan zaio, Cata Coll atezainaren aurrean bakarrik geratu eta gero.
Kataluniako taldea azken segundoraino ahalegindu da gola egiten, baina, alperrik. Gaurkoan, huts egin dute, beti ezin baita irabazi.

Joan Laporta eta Aitana Bonmati, elkar besarkatuta. EFE
FITXA TEKNIKOA
1 - Arsenal: Van Domselaar; Fox, Williamson, Catley, McCabe; Maanum (Blackstenius, 65. min), Little, Mariona Caldentey; Kelly (Mead, 65. min), Russo (Wubben, 91. min) eta Foord (Hurtig, 85. min)
0 - FC Bartzelona: Cata Coll; Ona Batlle, Irene Paredes, Mapi Leon (Engen, 78. min), Fridolina Rolfö (Brugts, 78. min); Aitana Bonmati, Patri Guijarro, Alexia Putellas; Caroline Graham Hansen, Ewa Pajor eta Claudia Pina (Salma Palalluelo, 62. min).
Golak: 1-0, 74. min: Emma Blackstenius.
Epailea: Ivana Martincic (Kroazia). Txartel horia atera die Arsenaleko Kellyri eta Bartzelonako Irene Paredesi.