Futbola
EA Sports Liga
Osasuna Europatik gol bakarrera geratu da Alavesen aurka (1-1)
I. G. | EITB MEDIA
Carlos Vicentek penaltiz sartutako golak eta Raul Garcia de Harok sartutakoak puntuak banatu, eta gorritxoak Europako lehiaketa batean lehiatu ezinik utzi dituzte, Rayoren berdinketaren eta Celtaren garaipenaren ondoren.
-
Osasunako jokalariak, aukera bat huts egin ondoren. Argazkia: EFE
Alavesek eta Osasunak bana (1-1) berdindu dute larunbat honetan Mendizorrotzan jokatu den EA Sports Ligako azken jardunaldiko euskal derbian. Carlos Vicentek penaltiz sartutako golak eta Raul Garcia de Harok sartutakoak puntuak banatu, eta gorritxoak Europako lehiaketa batean lehiatu ezinik utzi dituzte, Rayoren berdinketaren eta Celtaren garaipenaren ondoren.
Europako postu bat lortzeko itxaropenarekin joan da Osasuna partidara. Horretarako, gutxienez, puntu bat lortu behar zuen, eta Rayo Vallecanok edo Celtak euren partidak ez irabaztea. Bestalde, Alavesek lanak eginda zituen, aurreko jardunaldian Valladolid 1-0 garaituta Lehen Mailan jarraitzeko txartela ziurtatuta.
Hala ere, babazorroak ez dira paseatzera atera, eta gauzak oso zail jarri dizkiete gorritxoei, erasoko ekimena eramanez lehen minutuetan. Sergio Herrera ezinbestekoa izan da momentu horietan aukerak mozteko, Protesoniren eta Aleñaren jaurtiketak geldituz.
Nafarroako taldeari asko kostatu zaio jokoan sartzea, baina Budimirren burukada batekin egin dute, Siverak gol lerro beretik atera duena. Etxekoek Kike Garciaren errematearekin erantzun dute (gora joan da), eta Carlos Vicenterena zutoina ukituz joan da kanpora.
Ordu erdira, Budimirrek aukera argienetako bat izan du, baina honi ere jaurtiketa kanpora joan zaio, zutoinetik gertu.
Bi taldeek kolpeak trukatzen jarraitu dute, baina golik gabe joan dira atsedenaldira.
Bigarren zatia hasi eta gutxira, epaileak Alavesen aldeko penaltia adierazi du, Juan Cruzen falta baten ondorioz. Carlos Vicentek sartu du gola, eta derbia gasteiztarren alde jarri du (1-0).
Osasunak aurrerapausoa eman du golaren ostean, Europatik kanpo uzten zuen emaitza aldatzera behartuta. Budimir eta Oroz izan dira gorritxoen jokalaririk aktiboenak, erasoan nekaezin aritu direlarik, baina Gasteizko taldeak defentsa sendoa erakutsi du.
Eta bi taldeak borroka horretan ari zirela, bi minuturen faltan, Raul Garcia de Haro agertu da berdinketaren gola sartzeko eta itxaropenari eusteko (1-1).
Azken minutuetan, epaileak txartel gorria atera dio Picari, baina baliorik gabe geratu da, Budimir jokoz kanpo zegoelako.
Hala, Celtaren garaipenaren eta Rayo Vallecanoren berdinketaren ostean, Osasuna Europan lehiatzeko aukerarik gabe geratu da.
Fitxa teknikoa:
1 - Alaves: Sivera; Tenaglia, Sedlar (Pica, 79. min), Garces, Manu Sanchez; Benavidez (Carlos Martin, 79. min), Blanco; Guridi (Conechny, 63. min), Aleña, Carlos Vicente; eta Kike Garcia (Toni Martinez, 63. min).
0 - Osasuna: Herrera; Juan Cruz (Bretones, 59. min), Boyomo, Catena, Areso; Ibañez (Raul, 59. min), Torro (Iker Muñoz, 46. min); Ruben Garcia (Unai Garcia, 93. min), Oroz, Bryan (Arraiz, 82. min) eta Budimir.
Golak: 1-0: Carlos Vicente, penaltiz (56. min). 1-1: Raul Garcia de Haro (88. min).
Epailea: Cuadra Fernandez. Txartel horia atera die Garces, Conechny, Raul Garcia de Haro eta Areso jokalariei.