Itxi

Futbola

nazioen liga 2025

Portugalek irabazi du Nazioen Liga, finalean Espainia menderatuta

EITB Media

Portugalgo selekzioa da 2025eko Nations League txapelketako irabazlea, Espainiari finala irabazita. Partida 2-2 berdinduta amaitu da, luzapenean ez da golik egon, eta penalti jaurtiketetan Portugal nagusitu da (5-3).

  • Portugal

    Portugal, 2025eko Nations Leagueko txapelduna. Argazkia: EFE

Portugal da 2025eko Nazioen Ligako txapelduna, finalean Espainia menderatuta. Municheko (Alemania) Allianz Arenan jokatu da partida, eta penalti bidez erabaki da irabazlea.

Partida binako emaitzarekin (2-2) amaitu da. Luzapenean ez da golik egon eta penaltietan erabaki da txapelduna. 11 metroetatik, Portugalek garaipena lortu du.

Espainia irabazten hasi da Zubimendik 21. minutuan sartutako golari esker (0-1), baina bost minutu geroago Nuno Mendesek jarri du 1-1ekoa markagailuan. Hala ere, atsedenaldia iristear zegoela, Oyarzabalek aurretik jarri du Espainia, 45. minutuan 1-2koa sartuta.

Bigarren zatian Portugal nagusi izan da, eta 61. minutuan partida berdindu du, Cristiano Ronaldoren golarekin (2-2). Ondoren, bi selekzioetako batek ere ez du aurkariaren atea zulatzea lortu, eta norgehiagokak luzapena behar izan du. Luzapenean ere ez da golik egon, eta penaltietan erabaki da txapelduna.

Hamaika metroetatik Portugalek bost jaurtiketak sartu egin ditu, eta Espainiak penalti bat huts egin du. Gonçalo Ramos, Vitinha, Bruno Fernandes, Nuno Mendes eta Ruben Neves jokalariek ez dute barkatu Unai Simon atezainaren aurrean. Espainiaren aldetik, Merinok, Baenak eta Iscok golak sartu dituzte, baina Diego Costa atezainak gelditu egin du Morataren jaurtiketa.

Azkenean, Portugal garaile penaltietan (5-3).

Fitxa teknikoa:

2 - Portugal: Diogo Costa; Joao Neves (Semedo, 46. min), Ruben Dias, Inacio (Renato Veiga, 74. min), Nuno Mendes; Vitinha, Bernardo Silva (Rafael Leao, 74. min); Francisco Conceiçao (Ruben Neves, 46. min), Bruno Fernandes, Pedro Neto (Diogo Jota, 106. min); eta Cristiano Ronaldo (Gonçalo Ramos, 88. min)

2 - Espainia: Unai Simon; Mingueza (Pedro Porro, 93. min), Le Normand, Huijsen, Cucurella; Zubimendi, Fabian (Mikel Merino, 75. min), Pedri (Isco, 75. min); Lamine Yamal (Yeremy Pino, 106. min), Nico Williams (Alex Baena, 93. min) eta Oyarzabal (Morata, 111. min).

Golak: 0-1, 21. min: Zubimendi. 1-1, 26. min: Nuno Mendes. 1-2, 45. min: Oyarzabal. 2-2, 61. min: Cristiano Ronaldo.

Penalti jaurtiketak: 1-0, Gonçalo Ramos. 1-1, Mikel Merino. 2-1, Vitinha. 2-2, Alex Baena. 3-2, Bruno Fernandes. 3-3, Isco. 4-3, Nuno Mendes. 4-3, Moratak, huts. 5-3, Ruben Neves.

Epailea: Sandro Schärer (Suitza). Txartel horiak atera dizkie Fabian (33'), Le Normand (90'), Baena (100') eta Pedro Porro (110') Espainiako jokalariei; baita Inacio (19'), Pedro Neto (82') eta Mendes (100') Portugalgo jokalariei ere.