Itxi

Futbola

Saudi Arabia

Roshn Saudi Leagueko Al-Shabab taldeak Imanol Alguacil fitxatu du

EITB MEDIA

Realeko entrenatzaile ohiak, hala, Saudi Arabiako Liga Profesionalean emango dio jarraipena bere ibilbideari. Bere talde berriak, Riadeko Al-Shababek, seigarren postuan amaitu zuen txapelketa 2024-25 denboraldian.

  • Imanolen aurkezpena. Argazkia: Al-Shabab.

    Imanolen aurkezpena. Argazkia: Al-Shabab.

Roshn Saudi Leagueko Al-Shabab taldeak Imanol Alguacil fitxatu du, Saudi Arabiako Riad hiriburuko klubak ofizialki baieztatu duenez ostegun honetan. Realeko entrenatzaile ohiak, hala, Saudi Arabiako Liga Profesionalean emango dio jarraipena bere ibilbideari; bere talde berriak, Riadeko Al-Shababek, seigarren postuan amaitu zuen txapelketa 2024-25 denboraldian.

Horrenbestez, Imanolek (uztailaren 54 urte beteko ditu) duela aste batzuk eman zion amaiera Realean eman duen garaiari. 2011n hasi zen klub txuri-urdinean entrenatzaile gisa, 2014ko azaroan Sanseko lehen entrenatzaile izendatu zuten, eta 2018ko martxoan, 2017-18 denboraldiko azken txanpan, lehen taldearen ardura hartu zuen bere gain. 2018-19 denboraldirako, berriro ere Sansera itzuli zen, baina abenduan beste behin ere hartu zuen Reala, eta 2025eko maiatzera arte izan da karguan, lorpen historikoak erdietsita: bera entrenatzaile, Realak 2019-20 denboraldiko Errege Kopa irabazi zuen (finala 2021ean jokatu zuen, Athletic aurkari), 2023-24 denboraldiko Txapeldunen Ligarako sailkatu zen, eta Europa Liga jokatzeko txartela eskuratu zuen 2019-20, 2020-21, 2021-22 eta 2023-24 denboraldietan.

Al-Shababek sei aldiz irabazi du Liga, 2012an azkenengoz, eta beste sei denboralditan izan da txapeldunorde.