Itxi

Reala

EA SPORTS LIGA

Realak puntu eskasa lortu du hamarren kontra Balaidosen, eta zuloan segitzen du (1-1)

G. P. A. | EITB

Txuri-urdinak 1-0 galtzen hasi dira, baina Celta hamar jokalarirekin geratu da atsedenaldia heldu baino lehen. Realak partidaren azken minutuan berdindu du markagailua, Carlos Solerrek buruz gola eginez.

  • Pablo Duranek sartu du Celtaren gola lehen zatian. EFE

    Pablo Duranek sartu du Celtaren gola lehen zatian. EFE

Realak eta Celtak 1-1 amaitu dute igande honetan Balaidosen jokatu duten partida, eta, horrenbestez, Realak EA Sports Ligako sailkapeneko jaitsiera postuetan jarraitzen du.

Talde txuri-urdinak bat gehiagorekin jokatu du bigarren zati osoa, baina, hala ere, ezin izan du emaitza irauli, 1-0 galtzen hasi eta gero. Carlos Solerrek parekatu du markagailua, norgehiagokaren azken minutuan. 

Lehen zatian, Celta Reala baino gehiago izan da. Neurketa kontrolpean izan du, baloiaren jabetza berea izan da, eta jokaldi bikain batean sartu du 1-0ekoa. Pablo Duranek egin du gola, Minguezaren pasea baliatuta.  

Edonola ere, txuri-urdinak ez dira atzean gelditu, eta berdinketaren bila joan dira. Pare bat aukera izan dituzte gola sartzeko, garbiena Mikel Oyarzabalena, baina kapitainak buruz egindako errematea kanpora joan da, oso gutxigatik izan bada ere.

Lehen zatia polemikarekin bukatu da. Atsedenaldia heldu baino lehen, Martinez Munuera epaileak Carl Starfelt kanporatu du, bigarren txartel horia aterata, eta horrek haserrea piztu du etxeko taldean.

Horrenbestez, Realak jokalari bat gehiagorekin ekin dio bigarren zatiari, emaitza iraultzeko helburuarekin, eta Oyarzabalek neurketa hasi eta berehala sartu du berdinketaren gola. Hala ere, jokoz kanpo zegoen, eta epaileak baliorik gabe utzi du, VAReko epaileak ohartarazi eta gero.

Hamaika hamarren aurka aritu diren heinean, partida erabat aldatu da. Realak aurrera egin du, halabeharrez, eta, Celtak, berriz, atzera. Sergio Franciscoren taldeak baloia Galiziako taldearen zelaian mugitu du alde batetik bestera, baina arrisku nahikorik sortu gabe, Claudio Giraldezen mutilek horma sendoa eraiki dutelako defentsan.

Neurketaren azken txanpan, txuri-urdinak behin eta berriro saiatu dira gola sartzen, eta Celtako jokalariak euren areatik atera ezinik egon dira. Carlos Solerrek, Karrikaburuk eta Oyarzabalek izan dituzte aukerarik onenak, baina Radu atezainak geldiketa erabakigarriak egin ditu.  

Reala erasoan buru-belarri murgilduta zegoenean, Celtak 2-0ekoa sartzeko aukera ezin hobea izan du 83. minutuan egindako kontraeraso azkar batean, baina Abdellaouik baloia kanpora bota du, Remiroren aurrean bakarrik geratu eta gero.

Celtak ez du partida itxi, eta txuri-urdinek 89. minutuan sartu dute berdinketa jarri duen gola. Bigarren zatian zelairatu diren Carlos Soler eta Gonçalo Guedes izan dira protagonistak. Lehendabizikoak sartu du gola, buruz, bigarrenaren erdiraketa ondo aprobetxatuta.

Luzapenean, azken segundoraino ahalegindu dira txuri-urdinak, baina ezinezkoa izan zaie emaitza iraultzea, jokalariek dena eman duten arren.

Partida ikusita, ontzat eman daiteke Realak lortutako puntua, baina Sergio Franciscoren taldeak garaipena behar zuen jaitsiera postuetatik ateratzeko eta bolada txarra amaitzeko, eta ez da horrelakorik izan.