Itxi

Reala

EA SPORTS LIGA

Reala garaipenaren bidera itzuli da (2-1)

I. G. | EITB

Txuri-urdinek 2-1 irabazi diote Sevillari Oyarzabalen bi golei esker, eta Realak denboraldi honetako bigarren garaipena lortu du etxean horrela.

  • Oyarzabal gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

    Oyarzabal gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

Realak 2-1 irabazi dio Sevillari ostiral honetan Anoetan jokatu den EA Sports Ligako 10. jardunaldiko partida. Txuri-urdinek Oyarzabalen bi golei esker irabazi dute, eta Realak denboraldi honetako bigarren garaipena lortu du etxean horrela.

Andaluziako taldea Gipuzkoakoa baino hobeto hasi da, presioa altu mantenduz eta Reala bere zelaian sartuz, baina laster aldatu da egoera.

17. minutuan, eta VARean berrikusi ondoren, epaileak Realaren aldeko penaltia adierazi du, baloiak Fabio Cardosoren eskuan jo baitu. Oyarzabalek eskuinera gurutzatu du markagailua irekitzeko (1-0).

Handik minutu gutxira, 30.ean, Sevillak markagailua berdindu du, entseatutako jokaldi batean. Suazok erdiratu, Gudeljek errematatu eta, nahi gabe, Gorrotxategik bere atera desbideratu du, 1-1ekoa jartzeko.

Gainera, Yangel Herrerak aldaketa eskatu behar izan du, min hartuta. Carlos Soler sartu da haren ordez.

Handik gutxira, Sevillaren defentsako despiste batek baloia Oyarzabali eman dio area barruan, honek ez du zalantzan egin, eta baloia gurutzatu du bigarrena sartzeko (2-1).

Bigarren zatian, jokoa parekatuago egon da, baina minutuek aurrera egin ahala Sevillak izan du ekimenik handiena, markagailua aldatzera behartuta.

Realaren aldetik, Sergio Gomezek gertu izan du gola, aurkarien atezainaren irristada aprobetxatuta, baina horren jaurtiketa kanpora joan da.