Reala
Reala-Mallorca (3-0)
Gau lasaia Anoetan, eta Reala Europari begira
Erredakzioa
Lehen zatian ez da abagune argirik izan, baina Javi Marquez egotzi du epaileak, eta bigarren zatian erabat aldatu da. Castroren, Velaren eta Ifranen golek Reala Europara bidean jarri dute.
-
Argazkia: EFE
Realak Mallorca aise hartu du mendean (3-0), Anoetan. Mallorca jokalari bat gutxiagorekin geratu da eta donostiarrek ederki aprobetxatu dute bigarren zatian. Horrela, txuri-urdinek bolada onari eutsi diote eta Europako postuak puntu bakarrera dituzte.
Neurketa zoroa izan da hasieran. Horrela, baloia area batetik bestera oso azkar joan da aurreneko minutuetan, baina abagune argirik sortu gabe. Reala berdegunean kokatu da eta Ruben Pardok aginte makila hartu du zelai erdian.
Horrela, donostiarrak aurkariaren areara heltzen hasi dira. Erdiraketa onak egin dituzte txuri-urdinek, baina askotan ez dute errematatzailerik aurkitu, eta aurkitu dituztenean ez dute asmatu.
Reala nagusi zela ematen zuen; izan ere, Mallorcak ez du erasoan gauza handirik egin. Gainera, epaileak Javi Marquez egotzi du (29. minutua), bigarren txartel horia esku eztabaidagarri batengatik atera baitio. Horrela, neurketa alde jarri zaie gipuzkoarrei.
Hala ere, erabaki eztabaidagarriaren ostean donostiarrek ia ez dute arriskurik sortu eta ez dute erasoan jokaldirik lotu. Honenbestez, atsedenaldia baino lehen ez da golik izan.
Bigarren zatian Reala partidaren bila berdeguneratu da, eta lehenengo minutuetako zalantzak atzean utzi dituzte donostiarrek, eta gola aurkitu dute. Chory Castrok atezainaren aldaratze bat aprobetxatu du txuri-urdinak markagailuan aurretik jartzeko. Castrok ez du gola ospatu izan nahi.
Caparrosen egitasmoa behera etorri da eta Mallorca Realaren eskuetan geratu da. Gutxi geroago Velak partida erabakita utzi du taldearen jokaldi bikain bati amaiera emanez. Ifranek hirugarren eta azken gola sartu du neurketaren hondarrean.
Fitxa teknikoa:
3.- Reala: Bravo; Carlos Martinez, Elustondo, Iñigo Martinez, Jose Angel (Estrada, 75. minutua); Illarramendi, Ruben Pardo, Xabi Prieto; Griezmann, Chory Castro (Diego Ifran, 90. minutua) eta Vela (Agirretxe, 75. minutua).
0.- Mallorca: Calatayud; Luna, Nunes, Geromel, Hulton; Tissone (Alfaro, 75. minutua), Javi Marquez, Nsue (Lopez, 59. minutua), Giovani; Hemed (Marti, 33. minutua) eta Casadesus.
Golak: 1-0, 55. minutua: Chory Castro. 1-1, 70. minutua: Vela. 3-0, 87. minutua: Ifran.