Itxi

Reala

Denboraldi bikaina

'Adiskidetasuna, batasuna eta balioak, Reala eredu da horretan'

Erredakzioa

Goizeko saioa arreta berezia ematen ari zaio Realari eta taldeak bizi duen une gozoari. Goiz guztian erreportai bereziak eta elkarrizketak egiten ari dira.

  • Reala Txapeldunen Liga jokatzeko eskubidea ematen duten postuetan da. Efe.

    Reala Txapeldunen Liga jokatzeko eskubidea ematen duten postuetan da. Efe.

Reala protagonista nagusia da Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan. Goiz osoan zehar elkarrizketak eta erreportai bereziak egiten ari dira txuriurdinen denboraldi bikaina aztertzeko. Reala sailkapen nagusiko lehen postuetan da eta baliteke datorren denboraldian Txapeldunen Ligan jokatzea.

Saio bereziaren hasieran, Jokin Aperribay Realeko presidenteak txuriurdinen aldagelan duten giro bikaina nabarmendu du: "Laguntasuna, batasuna, balioak...  Realaren aldagela guzti horren eredua da".

Txapeldunen Ligarako sailkapenari dagokionez, liga laugarren amaituko dutela ziur da eta bi apustu egin dituela onartu du Aperribayk. "Hasieratik denboraldi ona egingo genuela uste nuen, taldeari konfiantza emanez gero, emaitza onak iritsiko zirela pentsatzen nuen", azaldu du presidenteak.

Jon Ansotegi taldeko bigarren kapitaina izan da goizeko beste protagonistetako bat. Ansotegik azpimarratu duenez, uneaz "disfrutatzen" ari dira, batez ere azken denboraldietan une latzak bizi izan dituztela kontuan izanda: 'Barçak partida bat irabazten duenean, ospatu ere ez dutela egiten ematen du, irabaztera ohituta daudelako. Guk, aldiz, une oso latzak pasa ditugu azken urteetan eta horrek egungo momentuaz bereziki disfrutatzea eragiten digu".

Txapeldunen Liga jokatzeko aukerari dagokionez, Ansotegik zuhurtziaz aritzeko deia egin du: "Zazpi partida geratzen dira oraindik, eta Txapeldunen Ligan jokatzea ez daukagu ziurtatuta oraindik. Partidaz partida joan behar dugu".

Radio Euskadiko Boulevard saioa, zuzenean.