Reala
Sanchez Pizjuanen
Realak geldiezin jarraitzen du (1-2)
Erredakzioa
Montanierren mutilek urrezko hiru puntu lortu dituzte Sevillaren aurka, eta sailkapeneko laugarren postuan jarraitzen dute, Valentziarekin berdinduta.
-
Realeko jokalariak Agirretxeren gola ospatzen. Argazkia: EFE
Realak hiru puntu oso garrantzitsu lortu ditu Sevillan (1-2), eta Txapeldunen Ligara sartzeko borrokan murgilduta jarraitzen du. Txuri-urdinek laugarren postuan jarraitzen dute, Valentziarekin berdinduta. Rakiticek 1-0ekoa jarri du markagailuan, lehenengo zatiko 9. minutuan, baina kroaziarrak 1-1ekoa ere egin du, bere atean gola sartuta. Realaren bigarren gola Imanol Agirretxek egin du, 24. minutuan.
Unai Emeryren taldeak lortu du norgehiagokako aurreneko gola, lehenengo zatiko 9. minutuan. Rakiticek ondo gainditu du Caludio Bravo, baina 16. minutuan Kroazioako jokalariak 1-1ekoa jarri du markagailuan, bere atean gola egin baitu. Illarramendik erdiraketa bikaina jarri du penalti puntuan, eta Rakiticek baloia sareetara bidali du nahi gabe.
Philippe Montanierren mutilak sendo egon dira Sanchez Pizjuan estadioko berdegunean, eta 24. minutuan Imanol Agirretxek 1-2koa jarri du. Usurbilgo aurrelariak ederki errematatu du Carlos Martinezen erdiraketa, eta Betok ezin izan du baloia desbideratu. Jarraian, Sevillak berdinketaren gola lortzeko abagunea izan du, baina Claudio Bravok gelditu erabakigarria egin dio Rakitici. Agirretxek Realaren hirugarrena egiteko aukera aproposa izan du, 33. minutuan, baina Betok baloia kornerrera bidali du. Atsedenaldian, txuri-urdinak markagailuan nagusi izan dira (1-2).
Bigarren zatian, Montanierren mutilek asko sufritu dute estrategiazko jokaldietan, eta Negredok gola lortzkeo abagune ugari izan ditu. Hala ere, Sevillako aurrelariak ezin izan du Claudio Bravo txiletarra gainditu. Realak ere hirugarren gola eskuratzeko aukera onak izan du, 60. minutuan, baina Betok gelditu ikusgarria egin du Carlos Velaren aurrean.
Calak berdinketaren gola lortzeko abagune oso argia izan du (68. minutua), baina bere errematea langa gainetik kanpora joan da. Sevillak erasoan asko sakatu du, eta txuri-urdinek defentsan eusteko lan gogorra egin behar izan dute. Antoine Griezmannek 1-3koa jartzeko aukerarik argiena izan du, 83. minutuan, baina Beto bikain egon da ate azpian, berriz ere, eta atezainak baloia kornerrera bidali du. Azkenean Gipuzkoako taldeak urrezko hiru puntu lortu ditu, sailkapenean laugarren jarraitzeko.
- Fitxa teknikoa:
1 - Sevilla FC: Beto; Coke (Cicinho, 66. minutuan), Cala, Fernando Navarro, Alberto Moreno; Medel (Stevanovic, 88. minutuan), Rakitic, Kondogbia; Jesus Navas, Perotti (Baba, 66. minutuan); eta Negredo.
2 - Reala: Claudio Bravo; Carlos Martinez, Iñigo Martínez, Cadamuro, De la Bella; Illarramendi (Javi Ros, 88. minutuan), Bergara, Xabi Prieto; Griezmann (Chory Castro, 88. minutuan), Carlos Vela (Estrada, 79. minutuan) eta Agirretxe.
Golak: 1-0, 10. minutuan: Rakitic. 1-1, 16. minutuan: Rakitic, bere atean. 1-2, 24. minutuan: Agirretxe.