Itxi

Reala

Ciutat de Valencian

Realak ez du Levanteren zelaian garaipenik lortu Lehen Mailan

Erredakzioa

Talde txuri-urdinak behin irabazi du Ciutat de Valencia zelaian, eta bi taldeak Bigarren Mailan egon zirenean etorri zen gipuzkoarren garaipena.

  • Levante-Reala. Argazkia: EFE

    Vela eta Juanfran iragan denboraldiko Levante-Reala partidan. Argazkia: EFE

Realak Levanteren aurka jokatuko du Ciutat de Valencia zelaian, datorren larunbatean (18:00etan), eta txuri-urdinek partida hau prestatzen jarraitzen dute Zubietan.

Jagoba Arrasatek zuzentzen duen taldeak ez dio Levanteri inoiz irabazi Lehen Mailan Ciutat de Valencian. Valentziako taldearen zelaian jokatu dituzten azken partidak galdu egin ditu Realak, 2-1, 3-2 eta 2-1eko emaitzekin. Realak behin lortu du Levanteri Ciutat de Valencia zelaian irabaztea, baina bi taldeak Bigarren Mailan egon zirenean lortu zuten garaipena txuri-urdinek.

Levanteren aurka Anoetan jokatu dituen partidetan ere, Realak ez ditu emaitza onak lortu. 2011. eta 2013. urteetan bana (1-1) berdindu zuten, eta 2012an jokatu zuten partidan, 1-3 irabazi zuen Levantek.

Jagoba Arrasatek baja ugari izan ditu larunbateko partida prestatzeko. Haris Seferovic, Ruben Pardo, Chory Castro eta Claudio Bravo selekzioekin egon dira, eta ezin izan dute egun hauetan Realarekin entrenatu.

Bestalde, Iñigo Martinezek eta Carlos Martinezek zail izango dute deialdian sartzea. Albiste onak, ordea, min hartuta egon diren jokalarien errekuperazio prozesuak ekarri ditu. Imanol Agirretxe, Dani Estrada, Jose Angel eta Mikel Gonzalez jokalariek taldearekin entrenatu dute aste honetan, eta deialdian sar daitezke Jagoba Arrasatek hala erabakitzen badu.