Itxi

Reala

Larunbatean, 18:00etan

Realak puntuak eta konfiantza behar ditu, Valentziaren aurka

Erredakzioa

Jagoba Arrasateren gizonek etxeko lanak egin nahi dituzte Ligan, Old Traffordera lasai joateko. Xabi Prieto kapitaina ez da Mestallan egongo.

1:16

Donostiako taldeak partida oso garrantzitsua jokatuko du Valentziaren aurka, etxetik kanpora. Txuri-urdinek Old Trafford estadio mitikoan jokatuko dute, asteazkenean, Txapeldunen Ligako neurketa, baina Ligan etxeko lanak egin beharko dituzte. Realak zortzi neurketa irabazi gabe daramatza, eta bolada kaskarrari amaiera eman nahi dio, Mestallan.

Gipuzkoako taldeak Valentzian jokatu dituen azkeneko bi norgehiagokak irabazi ditu, eta Mestallan ondo moldatzen direla argi utzi nahi dute berriz ere, Jagoba Arrasateren gizonek.

Xabi Prieto kapitaina ez dago jokatzeko prest oraindik, giharretako lesioa ez baitu guztiz gainditu. Gainera, Dani Estradak, Diego Ifranek eta Esteban Granerok lesionatuta jarraitzen dute. Hala ere, David Zurutuza erdilaria guztiz sendatu da, eta Valentzian jokatzeko prest egongo da.

Miroslav Djukicek jokalari guztiak jokatzeko prest ditu. Diego Alves atezaina sendatu egin da, baina Guaitak jokatuko duela dirudi. Valentziak behetik gora egin du azkenengo jardunaldietan, eta sasoi onari jarraipena eman nahi dio, Txapeldunen Ligako postuetara gerturatzeko.

Ustezko hamaikakoak:

Valentzia: Guaita; Joao Pereira, Ricardo Costa, Mathieu, Guardado, Javi Fuego, Banega, Pabon, Fede, Jonas eta Postiga.

Reala: Bravo; Carlos Martinez, Iñigo, Mikel Gonzalez, De la Bella; Bergara, Pardo, Zurutuza; Griezman, Vela eta Agirretxe.