Itxi

Reala

BBVA Liga

Realak lotsagarri utzi du Bartzelona Anoetan (3-1)

Leire Etxazarra | eitb.com

Jagoba Arrasateren gizonek Errege Kopan gertatutakoagatik mendeku hartu eta talde kataluniarra erruki gabe jipoitu dute.

1:19

Realak garaipen handia lortu du Anoetan, 'Tata' Martinoren Bartzelonari jipoia emanda. Donostiarrak jaun eta jabe izan dira berdegunean eta ez diete kataluniarrei aukerarik eman. Bartzelonaren izan nagusiak (Neymar, Messi, Iniesta) ezinean aritu dira, desagertuta.

Realak ederki hasi du partida, Bartzelonari baloiaren jabetza utzi gabe eta Inistaren eta Messiren arteko konekzio arriskutsua itoz. Lehen ordu laurdenean elkarren indarrak neurtu ondoren, lehen aukera garbia iritsi da: Pablok izan du, 19. minutuan, Iniestaren pase bat aprobetxatuta. Baina baloia gora joan zaio.

29.ean donostiarren lehen abisua izan da. Carlos Velak boleaz jo du baloia, baina desbideratuta atera zaio jaurtiketa. Segundo batzuk geroago, mexikarrak erdiraketa-jaurtiketa egin du eta Valdesek ederki sartu du eskua baloi arriskutsua aldentzeko.

Txuri-urdinen lehen gola 32. minutuan iritsi da: Gorka Elustondok egin du, buruz, Songi aurrea hartu ostean. Azken momentuan, baloiak Bartzelonako joaklariaren gorputzean jo du, ate barrura sartu aurretik.

Baina pozak gutxi iraun die donostiarrei, izan ere, lau minutu ondoren, Messik gola egin du Bartzelonak sarri egin ohi duen jokaldi landu bati etekina aterata. Argentinarra desagertuta egon da, gola sartu duen arte. Velak beste aukera bat izan du Piqueren huts galanta aprobetxatu eta bigarrena sartzeko, baina jaurtiketa kanpora joan zaio.

Bi gol, bost minututan

Bigarren zatian, Reala jo eta ke atera da erasora. Atzean eta zelai erdian ederki presionatu dute txuri-urdinek eta aurreko aldean duen abiadura ondo aprobetxatuta, gipuzkoarrek berehala atera diote etekina egoerari: bost minutu nahikoak izan dituzte markagailuan 3 eta 1 aurreratzeko, Griezmannek eta Zurutuzak egindako bi golei esker. Anoetako zaleak pozez zoratzen izan dira.

Carlos Vela laugarrena sartzear izan da amaierarako 9 minuturen faltan, baina bere jaurtiketak zutoinean jo du. Donostiarrek nahi bezala jokatu dute; Elustondok partida ikaragarria egin du, eta zaleek txalo zaparrada eman diote Arrasatek aldatu egin duenean. Urrezko hiru puntu Donostian geratu dira. Eta Txapeldunen Liga gero eta gertuago dago.

Fitxa teknikoa:

3 - Reala: Bravo; Zaldua, Mikel, Iñigo Martínez, José Ángel; Bergara, Elustondo (Ros 90. min), Zurutuza, Canales (Ansotegi, 83. min); Vela eta Griezmann (Xabi Prieto, 73. min).

1 - Bartzelona: Valdés; Montoya (Alexis, 73. min), Piqué, Bartra, Adriano; Busquets, Iniesta, Song (Fabregas, 60. min); Pedro, Messi eta Neymar.

Golak: 1-0, 32. min: Song (b.a.). 1-1, 35. min: Messi. 2-1, 53. min: Griezmann. 3-1, 58. min: Zurutuza.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Reala gaur