Itxi

Reala

Prentsa-aretoa

Aranburu (Reala): "Azken txanpan gaudenez ezin dugu hutsik egin"

Ander Altuna

Zubieta

Albaceteren kontrakoa dute begiz jota txuri-urdinek eta etxetik kanpoko neurketei buruz gehiago hitz egiteak taldeari inolako mesederik ez diola egiten uste du kapitainak.

Zer gertatzen ote zaio Realari etxetik kanpo aritu behar duen bakoitzean? Mikel Aranburuk nahiago du galdera hori datorren asterako utzi eta atentzio guztia Albaceteren kontrako lehia garrantzitsuan jarri. "Guk geuk geure buruari ere galdera berbera egiten diogu, baina hurrengo asterako utzi beharko genukeen gaia da. Etxeko partiduek ere hiru puntuko balioa dute eta larunbata bitartean kanpoko neurketei buruz hitz egiteak ez digu mesederik egiten".

Anoetan jokaturiko azkenengo lau norgehiagokak jarraian irabazi ditu talde txuri-urdinak, kontrario zuzenen kontrakoak izan dira gainera. Etzidamu berriz, beste borroka mota batean murgildutako talde bat hartuko du. Azpeitiarrari bost axola dio horrek. "Exigentzia maila ez dugu gutxituko, zalantzarik gabe. Azken txanpan gaudenez ezin dugu hutsik egin eta berdin dio lehen sailkatua izan, hamargarrena edo azkena. Albacetek asko izango du jokoan, beheko postuetatik urruntzeko borrokan sartuta daude eta erlaxatuta ateratzen bagara larrutik ordainduko dugu".

Azpeitiarraz gain, Carlos Bueno mintzatu da Anoetako prentsa aretoan. Aurrelariaren arabera, "larunbatean beste final bat jokatuko dugu eta orain arte etxean egindako gogora ekartzen ahaleginduko gara beste behin errepikatu ahal izateko. Zerbaitegatik gara liderrak eta frogatu egin behar dugu".

Entrenamenduari dagokionez, Zurutuza arazorik gabe aritu da Anoetako saioan. Azkenik, Realak ezagutzera eman duenez bere web atarian, Txilera abiatuko da bihar Claudio Bravo osaketa prozesuarekin jarraitzeko. Bere selekzioko sendagileek hartuko dute hemengoen lekukoa, nahiz hartu emanetan izango diren.