Itxi

Reala

Reala

Markel: "Rayori irabazita urrats erabakiorra emango genukeen"

Ander Altuna

Zubieta

Hasierako hamaikakoko berritasunetako bat izango da elgoibartarra. Bere inguruan nork jokatuko da zalantza nagusia.

Elustondok, Rivasek eta Aranburuk, barruko jokoaren arduradun nagusiek, ez dute Rayoren kontra jokatuko lesioak eta txartelak tarteko. Ondorioz, zelai erdia berreraiki beharra izango du Martin Lasartek eta Cartagenako prentsa aretoan esandakoari eusten badio, Markel Bergararen parte hartzea ziurtzat jo daiteke. Horren harira, elgoibartarrak onartu du, "aste hasiera ezberdina izan da niretzat jokatzeko itxaropena dudalako".

Bere aldamenean ari daitezkeenez ez du arrastorik utzi gaur goizeko entrenamenduan uruguaitarrak. Sergio eta Zurutuza dira hautagai nagusiak, Sanseko Illarramendi eta Albistegiren izenak baztertu gabe. Rayoren kontrako neurketaz galdetuta, Markelek dio "irabazita, urrats erabakiorra emango genukeen".

Bestalde, gora-behera gehiegiren ondoren, badirudi Asier Riesgoren aldeko apustua egin duela txuri-urdinen teknikariak azken txanpari begira. "Jokatzen jarraitzea espero dut", esan du debarrak Zubietan eta kontratuaren gaiari dagokionez, uneotan "kirol arloan baino" ez duela pentsatu nahi adierazi du.