Reala
Irabazi beharra
"Egin beharreko guztia egin dela pentsatzea barkaezina litzatekeen"
Ander Altuna
Zubieta
Erlajazio zantzurik txikiena ere ez du ikusi nahi kapitainak eta irabaztera aterako direla dio.
"Emaitza onak lortu ezean kalkulagailuak ez du funtzionatzen". Mikel Aranbururen hitzok garbi irudikatzen dute aldagelaren pentsaera zein den uneotan. Txuri-urdinek esku-eskura dute helburua, baina tantoa amaitu arte ez dago tripaz gora jartzerik. "Egin beharreko guztia egin dugula pentsatzea barkaezina litzatekeen. Badakigu zer darabilgun esku artean eta ez dugu halakorik onartuko", gaineratu du azpeitiarrak.
Larunbateko Real Unionen kontrako norghehiagokaz gaindi ez dago beste gairik Zubietan. Borroka ezberdinetan murgilduta egon arren, behar-beharrezkoak dituzte puntuak bi taldeok. "Bi garaipen segidan lortu ostean moralez gainezka iritsiko dira. Salbazioa gainera, aspaldian baino gertuago ikusten dute. Gu baino intentsoago arituko direla horregatik? Ikusiko dugu. Guretzat ere garrantzia biziko lehia da. Hurrengo asteetan hutsik ez badugu egiten geurea litzatekeen helburua. Hanka sartuz gero aldiz, urduritasunak itzuliko liratekeen eta hori saihestu behar dugu. Irabaztera aterako gara".
Lan saioari dagokionez, Markel eta Rivas normaltasunez aritu dira eta sasoi betean iritsiko dira derbira.
Arratsaldeko bostetan zabalduko dituzte Anoetako txarteldegiak sarrerak eskuratu ahal izateko. 100 baino ez dituzte jarriko salgai, 20 eurotan. Irundik bidalitako gainontzeko 700 sarrerak peñen artean banatuko dira.