Itxi

Reala

Lesio latza

Real Union-Reala: Amaitu da denboraldia Riesgorentzat

Ander Altuna

Zubieta

Ezker eskuko bosgarren metakarpo-hezurrean haustura izan du debarrak eta agur esan behar izan dio sasoiari. Ebakuntza egingo diote astelehenean.

Ez da batere samurra izaten ari denboraldia Realeko hiru atezainentzat. Arrazoi bategatik edo besteagatik, albiste iturri dira, zer esana ematen ari dira. Haiek nahiko luketena baino gehiago. Asier Riesgok adierazi zuen aste batzuk atzera liburu bat idazteko gaia soberan bazutela. Bada enegarren atala debarrak berak idatzi du gaur goizean min hartu baitu partida aurreko azken saioan eta ondorioz harmailetatik ikusi beharko ditu geratzen diren neurketak. Lesio latza du beraz. Ezker eskuko hatz txikiaren azpiko hezurra hautsi du balioia urruntzen ahalegindu denean eta astelehenean ebakuntza egingo diote. Zortzi bat aste behar izango ditu bere onera itzultzeko. Zortea etsai, inondik ere.

Gauzak ondo, Zubikaraik zainduko du txuri-urdinen atea liga amaiera arte. Jokalari-zerrenda osatu asmoz, Sanseko atezain Mandalunizi dei egin dio Lasarte entrenatzaileak.
Beste alde batetik, Rivas, Aranburu eta Songo''o aipatu deialdian ageri dira Illarramendi, Albistegi eta Johnatan Estrada ordezkatuz. Aurreneko bien kasuan gainera, hasieratik aritzeko aukera handiak dituzte euskarri postuan. Markelek eta Sergiok jokatu zuten kokagune horretan Rayoren kontra. Atezainaren eta euskarrien aldaketaz gain, baliteke Griezmann aulkian uztea. Txapelketaren zama antzeman zaio frantziarrari azken neurketetan eta urrutira jo gabe, Huelvan eta Cartagenan ez zen hasieratik aritu. Gelditzen zaion indar apurrari etekina atera nahi dio Lasartek eta etxeko lehietarako gordeko duela dirudi. Nsuek hartuko lioke lekukoa. Gauzak hala, talde hau jar lezake hasieratik teknikariak: Zubikarai, Martinez, Ansotegi, Gonzalez, De la Bella, Rivas, Aranburu, Prieto, Zurutuza, Nsue eta Agirretxe.