Reala
Reala-Castello
Martin Lasarte: "Garaipen premia dugu edozer gauzaren gainetik"
Ander Altuna
Zubieta
Partidarako zerrendan sartu du Elustondo, uste baino lehen osatu eta gero. Gonzalez normaltasunez aritu da gaur eta jokatzeko moduan da.
Martin Lasartek ez du ezkutatu zer nolako balioa izango lukeen bihar Castello mendean hartzeak. "Egoera zailean egon arren lortuko dutelakoan egongo dira. Guk ez diegu goitik behera begiratzen. Ez eurei ez beste inori. Aurrez ez dago deus irabazita, jokatu egin behar horretarako eta garaipen premian gaude edozer gauzaren gainetik. Ez diogu beste ezerri erreparatzen, hiru puntuei baizik".
Garbi du zer nolako lan tresnak erabali behar dituzten aurkariari aurre egiteko. “Irabaztea behar beharrezkoa dute, aukerarik gabe geratuko liratekeen eta bestela. Bitan aldatu dute entrenatzailez, baita jokatzeko eraz ere. Nire ustez, atzean sartuko dira kontraerasora jokatzeko beste talde askok egin izan duten moduan. Neurketa bizia, mugikortasun handikoa, denbora galtze gutxikoa, baloia lapurtu orduko erasora ziztu bizian ateratzea, ukitu gutxitan arrisku eremuan barneratzea aurkaria berrantola ez dadin... gisa horretako partida komeni zaigu”.
Nola ez, Queco Piña atezainaren etorreraz ere mintzatu da. “Inork nahi eta espero ez zuena gertatu zaigu lesioekin. Hori gutxi ez eta igoerako kanporaketa jokatuko du Sansek. Horregatik, konpromiso handiegia iruditzen zitzaigun etxean genuenarekin soilik aurrera egitea”.
Deialdian sartu da Elustondo
Zerrendako izen propioa da beasaindarra. Orain hilabete bihurritu latza izan zuen eskuin orkatilean, baina sendagileen usteak usteldu ditu eta zortzi asteren beharrean laurekin nahikoa izan du. Horretaz gain, Estrada kolonbiarrak tokia kendu dio Songo’ori.