Itxi

Reala

Anoetan hasiko litzateke dena

Lasarte (Reala): 'Ez da aste erraza izan'

Ander Altuna

Erredakzioa

Entrenatzaileak onartu duenez, hasarretu egin da momenturen batean kanpoko festa giroaz busti delako aldagela.

Gaur eguerdiko prentsaurrekoa baliteke Martin Lasartek bigarren mailan eman duen azkena izatea. Euforia emariak gaineazka egin du aldagelatik kanpoko errekan, baina uruguaitarra, ohikoa duen hizketaldi zuhurrari eutsiz, ez da busti. "Futbolarekin zerikusia duten kontuetaz baino ez gara jardun. Horretan ahalegindu gara behintzat, jardunbidea ohikoa izan zedin. Ez da aste erraza izan hala ere", onartu du entrenatzaileak. Inguruan bizi izan denak eraginik izango ote duen galdetu zaio jarraian. "Izango ez du ba! kalte egingo digulakoan ziur nago. Uneren batean ere hasarretu egin naiz. Aste hasieran hainbat jokalarik ez zeukaten burua lepo gainean. Nolanahi ere, aste osoko lana kontutan hartuz, harro amaitu dut egindakoarekin".

Celtari dagokio gaizkilearen papera egitea Realaren igoera festan. Etxeko lanak amaituta, galiziarrek ez dute ezer izango jokoan eta agintariak esaterako, hurrengo denboraldiko taldea egituratzen hasiak dira. Hala ere, hau ez da amaiera gozoa ziurtatua duen Hollywoodeko film bat, futbola baizik eta edozer gerta liteke. Lasarteren arabera, "gogoan dut A Coruñako Deportivoko jokalari nintzela Vallecasen jokatu genuenekoa. Azken jardunaldia zen eta Rayok igoera esku-eskura zuen. Ez zen batere atsegina izan bestearen festara joan eta haren gogoaren arabera jardutea. Horren aurrean, jokalariak bere burua ezagutzera eman nahi izaten du, errebelatu egiten da. Horregatik diot ez dela neurketa samurra izango".

Bihar osatuko dute txuri-urdinek partida aurreko azken saioa Zubietan.