Itxi

Reala

2-4

Realak porrot mingarria jaso du Barçaren aurka, bi goleko abantaila izan ostean

Erredakzioa

Talde txuri-urdinak 2-4 galdu du Anoetan. Willian Joseren eta Juanmiren golekin aurrea hartu du Realak, baina Bartzelonak emaitza irauli du Paulinhoren, Suarezen (x2) eta Messiren golei esker.

  • Reala-Bartzelona. Argazkia: EFE

    Willian Jose, burumakur Bartzelonak sartutako gol baten ostean. Argazkia: EFE

Realak 2-4 galdu du Bartzelonaren aurka Anoetan. Txuri-urdinak 2-0 aurreratu dira, baina Bartzelonak emaitza iraultzea lortu du. Ondorioz, talde gipuzkoarrak 23 punturekin amaitu du Ligako lehen itzulia.

Barçak baloiaren jabe izanda ekin dio neurketari eta arriskua sortu du Rullik defendatutako ate aurrean. Hala ere, Kataluniako taldeak ez du erasoan asmatu eta horrek eragin du Realak arnasa hartu ahal izatea. Neurketako 10. minutuan gola sartu du Realak Willian Josek sare barrura (1-0) errematatu duen Xabi Prietoren erdiraketaren bitartez. Golaren ostean, talde txuri-urdina egin da baloiaren jabe eta oso ondo jokatu du Eusebiok zuzentzen duen taldeak. Gola sartu eta gutxira, epaileak baliorik gabe utzi du legezkoa izan den Realaren gol bat. Epailea erratu egin da jokaldi horretan Bartzelonaren aldeko falta adierazita. Hala ere, etxeko taldeak joko ona egiten jarraitu du, eta saria jaso du 33. minutuan; Juanmik 2-0ekoa egin du Sergi Robertoren akatsaz baliatuta eta Ter Stegen atezainaren lagutza izanda. Bi goleko aldearekin kontrolpean izan du partida Realak, baina atsedenaldira iritsi orduko, Barçak aldeak murriztu ditu Paulinhoren golari esker (2-1).

Bigarren zatiari urduri ekin dio Realak, zer egin jakin gabe eta ideiak argi eduki gabe. Horretaz baliatu da Bartzelona partida berdintzeko. Norgehiagokako 50. minutuan Luis Suarezek binakoa (2-2) sartu du, Rulli buruz gain gaindituta. Behin lehia berdinduta, nagusi izan da Valverdek zuzentzen duen taldea eta 70. minutuan partida hautsi du Luis Suarezek sartu duen 3-2koarekin. Gol horrek min egin dio Realari. Erasora jotzen saiatu da Reala, baina ez du lortu aurkariari min handirik egitea. Neurketako 84. minutuan, aldiz, Messik 2-4koa sartu du Realaren esperantzak zaputuz.

Fitxa teknikoa:

2.- Reala: Rulli; Odriozola, Navas, Llorente, Rodrigues; Illarramendi, Zurutuza (Zubeldia, min. 54), Xabi Prieto (Januzaj, min. 77); Canales, Juanmi (Oyarzabal, min. 58), Willian Jose.

4.-  Bartzelona: Ter Stegen; Sergi Roberto, Vermaelen, Pique, Jordi Alba, Busquets, Rakitic; Andre Gomes (Digne, min. 79), Paulinho (Dembele, min. 65); Luis Suarez (Denis Suarez, min. 89), Messi.

Epailea: Gonzalez Gonzalez.

Golak: 1-0, min. 10: Willian Jose. 2-0, min.33: Juanmi. 2-1, min. 38: Paulinho. 2-2, min. 50: Luis Suarez. 2-3, min. 70: Luis Suarez. 2-4, min. 84: Messi.

min. 84: Messi.