Itxi

Reala

Anoetan

Reala-Almeria (2-0): Hiru puntu garrantzitsu txuri-urdinentzat

Josu Bilbao

Erredakzioa

Martin Lasarteren mutilek ondo kontrolatu dute norgehiagoka azken minutura arte erasoan sakatu duen talde andaluziarraren aurka. Golak Ansotegik eta Tamudok lortu dituzte.

Talde gipuzkoarrak hiru puntu garrantzitsu lortu ditu etxean Almeriaren aurka. Lasarteren taldeak ondo bideratu du norgehiagoka lehen zatiko 44. minutuan Ansotegik lortutako golarekin eta bigarren zatiko 23. minutuan Tamudok azken 2-0ekoa lortu du.

Almeriak, donostiarrek baino hobeto hasi dute norgehiagoka eta hasierako minutuetan gol aukerak sortu ditu. Piattiketa Ulloak kontraerasoan bilatu dituzte eta lehen zatiko 4. minutuan Oltraren mutilek gutxigatik ez dute ezustekoa eman Anoetan. Hala ere, Crusaten zartako gurutzatua kanpora joan da. Gipuzkoarrak jokoa lasaitzen saiatu dira, baina Tamudok ez du taldekideen laguntza izan aurrealdean. Martin Lasarteren mutilek ez dituzte ia gol aukerak sortu eta kostata heldu dira Diego Alvesen ate ingurura. Kanpokoen aukerarik onena Ulloak izan du lehen zatiko 28. minutuan, baina argentinarraren jaurtiketa zutoinera joan da, Bravoren akats garbi baten ostean.

Txuri-urdinek Alvesen atea bilatu dute Ulloaren aukeraren ondoren eta arriksua hegaletatik eramaten saiatu dira. 30. minutuan Clos Gomez epaileak ez du area barnean esku argi bat ikusi eta zaleak eta jokalariak asko berotu dira erabakiarekin. Andaluziarrek arriskua sortzen jarraitu dute eta Reala pixkanaka partidan sartzen joan da. 44. minutuan donostiarrek aurrea hartu dute markagailuan Ansotegiren burukada bati esker. Tamudok (jokoz kanpoko posizio argian) erdiraketa ederra jarri dio Berriatuako atzelariari eta honek 1-0ekoa lortu du atsedenaldia baino lehen.

Bigarren zatian euriak asko moteldu du jokoa eta bi taldeek arazo ugari izan dituzte. Martin Lasarteren mutilak ondo egokitu dira zelaiko egoerei eta baloiaren jabetza ondo kontrolatu dute. Gol aukera argirik gabeko minutu batzuen ostean, Oltraren taldea arrisku handia sortzen hasi da eta norgehiagokaren nagusitasuna hartu du. Piattik eta Ulloak gol aukerak izan dituzte, baina Claudio Bravo sendo egon da atean.

Realak aldaketak egiteko aprobetxatu du eta Demidovek debuta egin du, hiru partida aulkian egon eta gero. Norgehiagokaren 77. minutuan Tamudok 2-0ekoa lortu du area txikian aldaratze bat errematatu eta gero. Aurrelari katalanak donostiarren bigarren gola lortu du eta Almeria ez da Bravoren ate ingurura hurbildu. Azkenean hiru puntuak etxean gelditu dira eta txuri-urdinek aurrera pausu garrantzitsua eman dute sailkapenean.

- Fitxa teknikoa:

2.- Reala: Bravo; Estrada, Ansotegi, Labaka, De la Bella; Rivas, Elustondo, Xabi Prieto, Griezmann (Demidov, min. 78); Zurutuza (Aranburu, min. 84) eta Tamudo (Agirretxe, min.88).

0.- U.D. Almeria: Diego Alves; Marcelo Silva (Jose Ortiz, min. 81), Carlos Garcia, Michel, Crusat (Goitom, min. 72); Jakobsen, Bernardello, Mo, Piatti; Uche eta Ulloa.

Golak: 1-0, min. 45: Ansotegi. 2-0, min. 78: Tamudo.