Itxi

Reala

EUSKAL DERBIA

Faboritorik ez Realaren eta Athleticen arteko derbian

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Batak zein besteak ez dakite zer den Ligan galtzea klub biek aurreko entrenatzaileak kaleratu eta haien ordez egungoak jarri zituztenetik.

  • Susaeta eta Raul Navas, lehen itzuliko partidan

    Susaeta eta Raul Navas, lehen itzuliko partidan. Argazkia: EFE

Realak eta Athleticek interesgune asko, baina faborito garbirik ez duen euskal derbia jokatuko dute larunbat honetan, Anoetan, 16:15etik aurrera. Dena dela, Imanol Alguacil txuri-urdinen entrenatzailearen esanetan, bere taldea da faborito dena, bere zaleen aurrean jokatzeagatik.

Orioko teknikariak hutsune garrantzitsuak izan ditzake partida honetarako, besteak beste, kili-kolo baitabiltza Miguel Angel Moya atezaina eta Aritz Elustondo atzelaria. Horrez gain, Ruben Pardo erdilaria eta Jon Bautista atzelaria ez dira egongo norgehiagokan jokatu ahal izateko moduan.

Europa lau eta bost puntura dute gipuzkoarrek eta bizkaitarrek, hurrenez hurren. Hortaz, derbi honen inguruan bi taldeek dute seigarren postuaren lehian murgiltzen lagunduko dien urratsa emateko helburua.

Athletic bolada onean iritsiko da neurketara. Izan ere, Gaizka Garitanok Bilboko taldearen ardura hartu zuenetik ez du partidarik galdu Ligan. Zazpi zuzendu ditu, eta zazpi horietan 15 puntu pilatzea lortu du. Antzeko gauza gertatzen da Alguacilekin ere, Realak ez baitu galdu bera lehen taldeko entrenatzailea denetik, Ligan zuzen dituen lau partidetan.

Bilbotarren aldetik, Oscar de Marcos ez da partidan izango, neurketa bateko zigorra bete behar duelako Betisen aurkako norgehiagokan txartel gorria ikusi eta gero. Aritz Adurizek, berriz, min hartuta jarraitzen du, eta hura ere ez da zelaian egongo.

Anoetan arituko ez den beste bat Kenan Kodro izango da. Garitanok ez du deialdian sartu Athleticek neguko merkatuan fitxatu duen azken jokalaria. Beraz, aurrelari donostiarrak hurrengo batera arte itxaron beharko du elastiko berriarekin debutatu ahal izateko.

Haatik, aurreko jardunaldian zigortuta egon zen Beñat Etxebarria eta dagoeneko sendatu den Raul Garcia deialdia barruan sartu dira.

Azkenik, gogoan izan behar da larunbat honetakoa Anoetan jokatuko duen bigarren neurketa izango dela Iñigo Martinezentzat, joan zen urtean Donostiatik Bilborako aldaketa egin zuenetik.

Balizko hamaikakoak

Reala: Rulli, Zaldua, Navas, Llorente, Theo, Illarramendi, Sangalli, Merino, Willian Jose, Oyarzabal eta Januzaj.

Athletic: Herrerin, Capa, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri, Dani Garcia, Beñat, Ibai, Muniain, Cordoba eta Williams.

Epailea: Mateu Lahoz.

Futbol-zelaia: Anoeta.

Ordua: 16:15.