Itxi

Reala

1-1

Realak puntu bat lortu du Valladoliden aurka, itxura kaskarra eman duen arren

eitb.eus

Talde txuri-urdinak bana (1-1) berdindu du Jose Zorrillan. Kekok aurretik jarri du Valladolid, eta Oyarzabalek sartu du banakoa. Epaileak baliorik gabe utzi du Pucelako taldearen gol bat.

  • Valladolid - Reala. Argazkia: EFE

    Januzaj, Valladolid - Reala partidan. Argazkia: EFE

Realak berdindu egin du Valladoliden aurka (1-1) jokatu duen Ligako 29. jardunaldiko partida. Itxura kaskarra eman du talde donostiarrak eta lortutako puntuarekin pozik egoteko arrazoiak ditu.

Talde txuri-urdinak aurkariak baino motelago ekin dio neurketari. Ondorioz, bigarren minutura iritsi aurretik, lehen abagunea izan du Valladolidek; Keko area barruan sartu da, baina Zubeldia bikain gurutzatu da aurkariaren gol aukera bertan behera uzteko. Etxeko taldea nagusi izan da lehen minutuetan, eta Reala ezinean ibili da. Horrela, 9. minutuan, Valladolidek 1-0ekoa sartu du Keko Gontanen bitartez. Theok huts egin du baloia desbideratzerakoan, Kekori iritsi zaio, eta jaurtiketa gurutzatua sare barrura bidali du.

Gola jaso ostean, etxeko taldeak nagusi izaten jarraitu du. Ez du abagune argirik sortu Pucelako taldeak, baina arriskua eraman du Rullik defendatutako ate ingurura, bi jokalditan. Neurketako 25. minutuan, Sandrok baloia hartu du Valladolideko defentsaren huts baten ostean, baina ez du asmatu pasea ematerakoan. Bost minutu beranduago, Oyarzabalen erdiraketa, gutxigatik kanpora joan da. Atsedenaldira iritsi orduko izan du Realak lehen zatian sortu duen aukera onena. Oyarzabalek kontraerasoa bideratu du, pasea eman dio Sandrori, eta honen jaurtiketa kanpora joan da, Anuarrengan jo ondoren.

Bigarren zatian ez da neurketaren gidoia aldatu. Valladolid nagusi izan da, eta abagune argi asko sortu ez dituen arren, Realak baino arrisku gehiago eraman du aurkariaren ate ingurura. Etxeko taldeak 57. minutuan izan du bigarren gola sartzeko aukera, baina Rulli atezainak eragotzi du, gelditu ikusgarria eginda.

Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldea ez da gai izan gol aukerak sortzeko. Hori dela eta, talde txuri-urdineko entrenatzaileak aldaketak egin ditu. Sandro eta Pardo kendu ditu Juanmi eta Willian Jose zelairatzeko. Aldaketek bizitu egin dute Realaren jokoa, baina txuri-urdunek abaguneak sortu ezinda jarraitu dute.

Valladolidek neurketa erabakita uzteko aukera izan du 70. minutuan, baina Guardiolaren paseak ez du errematatzailerik aurkitu. Gaizki pasatzen ibili da Reala, eta ematen zuen ez zela gola sartzeko gai izango. Hala ere, 79. minutuan, Sangallik erdiraketa ona egin, eta Oyarzabalek banakoa (1-1) sartu du, errematea sare barrura bidalita.

Azken txanpan gogotik sufritu du Realak. Valladolidek gola sartu du 84. minutuan, korner baten ostean. Epaileak, ordea, VARa kontsultatu du, jokaldia telebistan ikusteko esan diote, eta baliorik gabe utzi du Kiko Olivasen gola. Azken minutuan, Rullik jokaldi nahasi bat aldentzea lortu du, eta, kontraerasoan izan du Realak neurketa irabazteko aukera; Bautista, ordea, area barruan sartu da, denbora gehiegi galdu du, eta Juanmiren azken jaurtiketa gora joan da. Amaieran, puntu bana talde bakoitzarentzat.

Fitxa teknikoa:

1 - Valladolid: Masip; Moyano, Kiko Olivas, Calero, Nacho; Keko (Antoñito, 76. min), Anuar (Ünal, 84. min), Alcaraz, Oscar Plano; Verde (Michel, 46. min), eta Guardiola.

1 - Reala: Rulli; Zaldua, Navas, Aritz, Theo; Zubeldia, Ruben Pardo (William Jose, 66. min), Oyarzabal, Sangalli; Sandro (Juanmi, 60. min), Januzaj (Bautista, 86. min).

Golak: 1-0, 9. min: Keko. 1-1, 79. min: Oyarzabal.

Epailea: Alberola Rojas. Txartel horiak atera dizkie Nacho (3). min, Keko (47. min), Anuar (m.55), Ünal (45. min) Valladolideko jokalariei, baita Aritz (75. min) Realeko futbolariari.