Itxi

Reala

2-1

Realak Bartzelonaren aurka galdu eta oso zail du Europarako postuetan sartzea

eitb.eus

Talde txuri-urdinak 2 eta 1 galdu du Camp Noun. Lengletek jarri du aurretik Barça, Juanmik berdindu du Realarentzat, eta Jordi Albak sartu du kataluniarren bigarren gola.

  • Bartzelona - Reala. Argazkia: EFE

    Bartzelonako jokalariak Realari sartutako bigarren gola ospatzen. Argazkia: EFE

Realak porrota jaso du Bartzelonaren aurka (2-1) Camp Noun. Talde txuri-urdinak itxura ona eman du, baina gero eta zailago du Europarako postuetan sartzeko helburua lortzea.

Lehen zatia abagune gutxikoa izan da. Bartzelonak izan du baloi-jabetza, baina Reala ondo egon da defentsako lanean, eta Valverdek zuzentzen duen taldeari kosta egin zaio abaguneak sortzea. Neurketako 27. minutuan iritsi da lehen gol aukera, baina Messiren falta jaurtiketa gora joan da. Hiru minutu beranduago, Luis Suarezek pase sakona eman dio Messiri, baina Rulli atezainak baloia harrapatu du Barçako aurrelaria heldu baino arinago. Realak abagune bikoitza izan du 35. minutuan: Ter Stegen atezainak Juanmiren jaurtiketa desbideratu du lehenengo, eta Willian Josek gora bota du atepean egin duen errematea. Lehen zatiaren amaieran, Rulli atezainak Bartzelonaren gola eragotzi du Luis Suarezen jaurtiketa desbideratuta, baina atsedenaldira iritsi aurreko azken jokaldian, Lengletek gola sartu du Dembelek ateratako kornerra sare barrura errematatuta (1-0).

Kolpe latza jaso du Realak lehen zatiaren amaieran, Barçak gola sartu eta ez baitu gehiagorako denborarik izan. Hala ere, ondo atera da bigarren zatian Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldea. Norgehiagokako 53. minutuan, Zubeldiak min hartu du, ezin izan du jarraitu, eta Sangalli zelairatu da haren ordez.

Dembelek izan du bigarren zatiko lehen gol aukera, baina frantziarraren jaurtiketa kanpora joan da, oso gutxigatik. Realaren erantzuna 62. minutuan etorri da, Juanmik sartu duen golari esker (1-1). Mikel Merinok pase dotorea eman, eta Juanmik bikain hartu dio aurrea Ter Stegen atezainari.

Pozak, ordea, ez dio asko iraun Realari, Bartzelonak berriro aurrea hartu baitu, txuri-urdinek gola sartu eta bi minutura. Jordi Albak jokaldi bikaina egin, eta jaurtiketa on batekin 2-1ekoa sartu du.

Bigarren golak lasaitasuna eman dio Bartzelonari. Realak erasokorrago jokatu behar izan du, eta kontraerasoan hirugarren gola sartzeko aukerak izan ditu Kataluniako taldeak. Berdinketaren bila jotzen saiatu den arren, talde txuri-urdina ez da gai izan abagune argiak sortzeko. Barçak bi gol aukera izan ditu Rakiticen eta Vidalen bitartez, 79. eta 81. minutuetan, baina jokalari blaugranek ez dute Rulliren ate aurrean asmatu.

Imanol Alguacilek bi aldaketa egin ditu azken txanpan, taldeari erasoko jokoan zerbait ezberdina emateko asmoz. Barrenetxea eta Sandro zelairatu ditu, Juanmiren eta min hartu duen Llorenteren ordez. Hala ere, jokalari zelairatu berriek ezer gutxi egin ahal izan dute, Barçak ez baitio aukerarik eman talde txuri-urdinari. Amaieran, Realaren porrota Camp Noun (2-1).

Fitxa teknikoa:

2 - Bartzelona: Ter Stegen; Semedo, Pique, Lenglet, Jordi Alba; Rakitic, Arthur (Busquets, 56. min), Arturo Vidal (Sergi Roberto, 89. min); Dembele (Coutinho, 71. min), Messi eta Suarez.

1 - Reala: Rulli; Zaldua, Elustondo, Llorente (Sandro, 87. min), Aihen Muñoz; Zubeldia (Sangalli, 54. min), Ruben Pardo, Merino, Oyarzabal; Juanmi (Barrenetxea, 87. min) eta Willian Jose.

Golak: 1-0, 45. min: Lenglet. 1-1, 62. min: Juanmi. 2-1, 64. min: Jordi Alba.

Epailea: Gonzalez Fuertes. Realeko jokaaria den Merinori txartel horia etar dio 15. minutuan.