Reala
Anoetan
Reala-Sporting (2-1): Garrantzi handiko hiru puntu
Josu Bilbao
Erredakzioa
Garaipen erabakigarria lortu dute donostiarrek Preciadoren taldearen aurka. Txuri-urdinen bi golak Antoine Griezmannek lortu ditu.
Urrezko hiru puntu lortu ditu Realak Sportingen aurka (2-1). Griezmannek 1-0ekoa lehen zatian lortu du, baina partidako 69. minutuan De las Cuevasek 1-1ekoa jarri du urruneko zartako bati esker. Norgehiagokaren 79. minutuan Antoine Griezmannek azken 2-1ekoa lortu du.
Donostiarrek ez dituzte gol aukera garbiak sortu hasierako minutuetan, Sporting ondo kokatu delako defentsan. Norgehiagokaren lehen aukera garbia Diego Ifranek izan du (13. minutuan), baina aurrelari txuri-urdinak ezin izan du errematea ate barrura sartu. Epaileak, Sportingen aldeko gola deuseztu egin du, De las Cuevas jokoz kanpoko posizioan egon baita errematea egin duen unean. Asturiarrak sakatzen hasi dira eta Reala atzean sartu da.
Hala ere, 1-0ekoa lortu dute txuri-urdinek lehen zatiko 31. minutuan. Xabi Prietok erdiraketa ederra jarri du eta Griezmannek buruarekin sartu du gola. Atsedenaldia baino lehen Preciadoren mutilek 1-1ekoa lortzeko aukera ona izan dute, baina Bravok geldiketa ikusgarri egin du baloia desbideratuz.
Bigarren zatian talde zuri-gorriak gehiago sakatu du erasoan, baina ezin izan du Realeko defentsa gainditu. Hala ere, partidako 69. minutuan, De las Cuevasek ezustekoa eman du Anoetan urruneko jaurtiketa batekin 1-1ekoa lortu baitu. Caludio Bravok ezin izan du zartakoa gelditu eta Preciadoren mutilak norgehiagokan sartu dira. Martin Lasartek Tamudo zelairatu du Diego Ifranen ordez eta Realak arriskua sortu du aurrelari katalanarekin.
Bigarren zatiko 25. minutuan Tamudok 2-1ekoa lortzeko aukera paregabea izan du, baina Juan Pablo atezaiank geldiketa ikusgarria egin du, baloia kornerrera desbideratuz. Txuri-urdinak erasoan murgildu dira eta Griezmannek bigarren gola lortu du donostiarrentzat (79. minutuan). Jokalari frantziarraren zartakoak Sportingeko defentsan jo du eta baloia sare barrura joan da, azken 2-1ekoa jarriz markagailuan. Azken minutuetan gipuzkoarrak markagailuari eusteko larri ibili dira, baina hiru puntuak Anoetan gelditu dira.
Fitxa teknikoa:
2.- Reala: Bravo; Carlos Martinez, Labaka (Mikel Gonzalez, 46. minutuan), Demidov, Estrada; Rivas, Aranburu, Xabi Prieto, Griezmann, Zurutuza (Sutil, 75. minutuan); eta Diego Ifrán (Tamudo, 65. minutuan)
1.- Real Sporting: Juan Pablo; Jose Angel, Botia, Hernandez, Lora; Rivera (Sangoy, min. 63), Eguren (Carmelo 83. minutuan), De las Cuevas, Andre Castro (Novo, 63. minutuan), Diego Castro; eta David Barral
Golak: 1-0, 32. minutuan: Griezmann. 1-1, 70. minutuan: De las Cuevas. 2-1, 79. minutuan : Griezmann.