Itxi

Reala

13. JARDUNALDIA

Leganesek garraztu egin du Realaren lidergoa (1-1)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Txuri-urdinak aurretik jarri dira markagailuan bigarren zatian, Mikel Merinok, korner batean, buruz gola egin duenean. Ordea, En-Nesyrik, beste burukada baten bidez, berdinketa lortu du geroago.

  • Bustinza eta Oyarzabal, baloi baten borrokan.

    Bustinza eta Oyarzabal, baloi baten borrokan. Argazkia: EFE

Reala Santander Ligako behin-behineko lider jarri da, Leganesekin 1-1 berdindu eta gero, txapelketako hamahirugarren jardunaldiari hasiera eman dio partidan. Puntu gazi-gozoa izan da donostiarrentzat, ezin izan baitute sailkapeneko azkena garaitu.

Madrilgo taldea premia handiarekin iritsi da Donostiara (norgehiagokari ekin orduko bost puntu besterik ez zituen), eta Javier Aguirrek bost jokalariko defentsa plazaratu du Reala Arenan, azken jardunaldietan oso emankor ibili diren Realaren aurrelariak geldiarazteko asmoz.

Hala ere, hori ez da horrela gertatu neurketako hasierako minutuetan; izan ere, partidako lehen ordu laurdenean gipuzkoarrek bi abagune argi eduki dituzte.

Lehendabizikoan (14. minutua), Willian Josek madrildarren atzealdeak txarto urrundutako baloi bat aprobetxatu du Cuellarren aurrean geratzeko, baina Leganeseko atezaina gainera etorri zaio brasildarrari, eta ez dio lekurik utzi ondo errematatzeko. Hartara, aurrelariren ahaleginak atezainaren aurka jo du.

Bigarrenean, bi minutu geroago, eskuineko hegaletik area barrura erdiratu du Portuk, eta Merinok apur bat behartuta errematatu duen arren, gelditu bikaina egitera behartu du Cuellar.

Aitzitik, Leganesek laster eman du erantzuna, Reciok oso gertu izan baitu bisitarien gola, Rosalesen erdiraketa baten ostean, baina Remiro ere oso erne ibili da baloia aldentzeko.

Ondoren, 35. minutuan, Javier Aguirre entrenatzaile heldu berriaren taldeak beste hurbilketa arriskutsu bat izan du, geldikako jokaldi batean. Baloia Braithwaite norvegiarrari iritsi zaio, eta hark buruarekin jo du txuri-urdinen aterantz, baina Llorenteren burua gurutzatu da tartean.

Atsedenalditik bueltan, txuri-urdinek nagusi izaten jarraitu dute jokoan, eta 52. minutuan Januzajaren saiakeraren txanda izan da, baina belgikarraren jaurtiketari gelditu ona egin dio berriz ere Cuellarrek.

Haatik, Extremadurako atezainak ezin izan du ezer egin 63. minutuan, Mikel Merinok sare barruan jarri baitu baloia korner batean, Januzajek lehen zutoinean jarri duen erdiraketa baliatuta.

Gol horren aurrean, Aguirrek erasoko jokalariak plazaratu ditu, berdinketaren bila joateko. Hala, En-Nesyriren burukada bikain batek saria ekarri dio talde bisitariari, Roque Mesak eskuin hegaletik jarritako baloi baten ostean (77. min).

Etxekoek garaipena lortzeko egin dituzten azken saiakerek ez dute arrakastarik izan, Leganesek buru-belarri defendatu baitu mailari eusteko ahaleginean balio handia izan dezakeen puntua.

Fitxa teknikoa:

1- Real Sociedad: Remiro, Zaldua (Aritz Elustondo, 82. min), Le Normand, Llorente, Monreal; Zubeldia, Merino, Portu; Januzaj (Sangalli, 68. min), Willian Jose (Isak, 78. min), Oyarzabal.

1- Leganes: Cuéllar, Rosales, Bustinza, Omeruo, Siovas, Rodrigues, Oscar (Guido, 70. min), Recio, Roque Mesa, Jose Arnaiz (En- Nesyri, 46. min); Braithwaite (Aitor Ruibal, 87. min).

Golak: 1-0, 63. min: Merino. 1-1, 77. min: En Nesyri.

Epailea: Martinez Munuera. Kevin Rodrigues kaleratu 90. minutuan, bi txartel hori ikusi ostean. Horrez gain txartel horiak erakutsi dizkie Monreal eta Merinori, Realaren paretik eta Bustinza, Omeruo eta Rosalesi, Leganesen aldetik.