Itxi

Reala

Aintzatespena

Gonzalo Arconada, Emakumezkoen Lehen Mailako entrenatzailerik onena

eitb.eus

Espainiako Futbol Federazioak ematen duen Ramon Cobo Saria jaso du 2018/2019 denboraldian egindako lanarengatik.

  • Gonzalo Arconada (ezkerrean), saria jaso ostean

    Gonzalo Arconada (ezkerrean), saria jaso ostean. Argazkia: Real Sociedad

Gonzalo Arconada Realeko emakumezkoen taldeko entrenatzaileak Espainiako Futbol Federazioak ematen duen Ramon Cobo Saria jaso du astearte honetan, aurreko denboraldiko (2018/2019) entrenatzaile onena saritzeko aintzatespena, hain zuzen ere.

Entrenatzaile donostiarrak 2017ko azaroaren amaieran hartu zuen emakumezkoen taldearen ardura, klubak Juanjo Arregi kargutik kendu eta gero. Gorka Alvarezek hiru partidatan zuzendu zuen taldea behin-behinean, eta Arconadaren txanda iritsi zen ondoren.

Arconada karguan zela, taldeak jauzi kualitatiboa eman zuen, eta Ligako zortzigarren postuan sailkatzea lortu zuen denboraldi horren amaieran (2017/2018).

Iragan denboraldian, berriz, Realak emakumezkoen saileko historiako lehen titulua lortu zuen, hau da, Erreginaren Kopa irabazi zuen Atletico Madrilen aurka Granadan jokatutako finalean, pronostiko guztiak hautsita. Besteak beste, balentria horregatik bereganatu du Arconadak Federazioaren golardoa.

Arconadarekin batera, beste bi euskal teknikarik ere jaso dute saria: batetik, Atletico Baleares taldea (Bigarren B Maila) entrenatzen duen Manix Mandiola eibartarrak, eta, bestetik, Imanol Arregui nafarrak, Osasuna Magna areto futboleko teknikariak.