Itxi

Reala

Sendatze bidean

Odegaard prest egon daiteke Real Madrilen aurkako partidarako

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Mikel Merinoren parte-hartzea, berriz, duda-mudakoa da, sorbaldan dituen arazoak direla-eta.

  • Martin Odegaard, Levanteren aurkako neurketan

    Martin Odegaard, Levanteren aurkako neurketan. Argazkia: EFE

Martin Odegaard erdilari norvegiarra gainerako taldekideekin batera entrenatu du asteazken honetan, eta, hala, gero eta aukera gehiago ditu Realak larunbatean Real Madrilen aurka jokatu behar duen norgehiagokan egon ahal izateko. Mikel Merinoren parte-hartzea, ordea, duda-mudakoa da, besaburua atera baitzitzaion astearteko lan-saioan.

Odegaard lehen aldiz entrenatu da beste guztiekin batera bere lesioaren ostean, eta, lan-saio bi gehiago egitea falta direnean, Bernabeuko partidarako deialdian sartzeko aukera handiak ditu.

Bere aldetik, Merinok argi utzi zuen asteartean besaburuko bere arazoa "lehenagotik" datorrela eta "kontrolpean" dagoela. Beraz, datozen bi egunetan izango duen bilakaera funtsezkoa izango da hamaikakoan jarraitu ahal izango duen argitzeko, bera baita, Mikel Oyarzabalen ostean, denboraldi honetan minutu gehien jokatu dituen jokalari txuri-urdina.

Aipatutako bi jokalarien arazoez aparte, Realaren baja ziur bakarra Asier Illarramendirena da. Perone haustura konpontzeko ebakuntza egin zioten irailean erdilari txuri-urdinari, eta, ondoren, urrian, beste ebakuntza bat egin behar izan zioten artikulazioko torloju bat kentzeko. Ondorioz, oraindik sendatzeko prozesuan murgilduta dago mutrikuarra.