Itxi

Reala

Primera Iberdrola Liga

Realak berdindu egin du Rayo Vallecanoren aurka

Erredakzioa

Talde txuri-urdinak bana (1-1) berdindu du Madrileko taldearen kontra jokatu duen Primera Iberdrola Ligako 11. jardunaldiko partida.

  • Leire Baños, Realeko jokalaria. Argazkia: @RealSociedad

    Leire Baños, Rayori sartutako gola ospatzen. Argazkia: @RealSociedad

Realak bana (1-1) berdindu du Rayo Vallecanoren aurka Zubietan jokatu duen Primera Iberdrola Ligako 11. jardunaldiko partida. Orain, 13 puntu ditu Gonzalo Arconadak zuzentzen duen taldeak.

Talde txuri-urdinak ondo ekin dio neurketari, baloiaren jabetza edukita, eta gol aukerak sortuz. Jaun eta jabe izan da Reala lehen zatian, baina Rayo Vallecanoko atezaina den Larquek gelditu bikainak egin ditu, talde donostiarraren golak eragotziz. Larquek erantzun bikaina eman dio Kiana Palaciosen jaurtiketa on bati, eta gelditu ezin hobea egin du Barbara Latorreren aurrean ere. Etxeko taldeak gehiegi barkatu du aurkariaren ate aurrean, eta Rayoren lehen abagunean gola sartu du talde madrildarrak; Altuvek egin du 0-1ekoa, eta aurretik jarri du Rayo Vallecano.

Bigarren zatian ez da neurketaren gidoia aldatu. Reala nagusi izan da, eta abagune argiak sortu ditu. Rayoko jokalariek Nahikariren errematea atepetik ateratzea lortu dute lehen minutuetan, eta, 55. minutuan Kiana Palaciosek egin duen jaurtiketa langara joan da. Bost minutu beranduago lortu du Realak saria, Leire Bañosek sartutako golari esker (1-1).

Partida berdindu ostean, ordea, jokoa trabatu egin da, eta bi taldeetako bat ere ez da gol aukera argiak sortzeko gai izan. Ondorioz, berdinduta amaitu da norgehiagoka.

Fitxa teknikoa:

Reala: Quiñones, Lucia, Etxezarreta, N. Mendoza, Iraia (C. Blanco, 56. min), Itxaso, L. Baños, Manu (N. Eizagirre, 56. min), Palacios (C. Bautista, 77. min), Barbara, Nahikari.

Rayo Vallecano: P. Larque, Guerrero, Pilar García, Angeles (Oviedo, 63. min), Sheila, Chule (Eva Masdeu, 88. min), C. Auñon, Altuve (Bulatonic, 80. min), Saez, Eva Alonso, P. Fernandez.

Golak: 0-1: Altuve, 36. min; 1-1: L. Baños, 60. min.

Epailea: Fernandez Ceferino. Txartel horiak atera dizkie Itxaso REaleko jokalariari eta Altuve, Chule eta Oviedo Rayo Vallecanoko futbolariei.