Replace this text with the error page you would like to serve to clients if your origin is offline.
Itxi

Reala

31. jardunaldia

Realak irabazi gabe segitzen du (0-1), eta Txapeldunen Ligako postuak urrundu zaizkio

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Iago Aspasek penaltiz egindako gol batek punturik gabe utzi ditu txuri-urdinak. Gipuzkoarrek ez dute neurketarik irabazi liga berriro martxan jarri zenetik.

  • Iago Aspas ha marcado de penalti el único gol del partido.

    Iago Aspas ha marcado de penalti el único gol del partido. Foto: EFE

Celtak jarraipena eman dio Alavesen aurkako garaipenari (6-0), eta mendean hartu du Reala asteazken honetan Reale Arenan (0-1), Iago Aspasek penaltiz sartutako gol bati esker. Ondorioz, donostiarrei zaildu egin zaizkie Txapeldunen Ligara sailkatzeko aukerak.

Alabaina, Realak oso ondo ekin dio partidari, bere bertsiorik onena eskainiz, koronabirusak eragindako geldialdiaren aurretik ikusi zena eta txapelketa berriro abiatu denetik ahaztuta omen zuena gogoratuz.

Dena den, txuri-urdinak urduri jartzen hasi dira partidak aurrera egin ahala, Blancoren atera iristen ez zirela ikusita. Galiziako taldea, berriz, hazten joan da pixkanaka, eta Remirorentzat arriskua hel zitekeela sumatzen zen.

Azken jardunaldietan, Realaren areatik gertu egindako edozein jokaldi arriskutsu bihurtzeko joera hartzen ari da azkenaldian, eta hala jazo da lehen zatia amaitzear zegoela ere, Llorentek Aspasi egindako zalantzazko penalti bat adierazi baitu epaileak. Galiziako aurrelaria bera izan da geldikako zigorrik handiena jaurtitzeaz arduratu dena, eta ez du alferrik galdu bere taldea une psikologiko batean aurreratzeko eta Reala jota uzteko parada.

Horrenbestez, gipuzkoarrentzat erabateko buruhaustea den Aspasek bere ibilbideko bederatzigarren gola egin du talde txuri-urdinaren aurka, eta gola sartzeko gaitasuna berreskuratu duela erakutsi du, liga amaieran bere taldeari ezin hobeto etorriko zaiona.

Hortik aurrera, Celtak dena eginda zegoela pentsatu du, eta bigarren zatian atzera egin du, ekimena etxeko taldeari utziz. Honek kementsu ekin dio aldageletatik atera eta hurrengo 15 minutuetan, eta gola erdiesteko zorian egon da Januzajen falta jaurtiketa batean, baina Blanco atezainak erantzun bikaina eman dio belgikarrari.

Imanolen mutilak behin eta berriz iritsi dira Celtaren inguruetara tarte horretan, Januzaj erasoko ekintzen gidari zutela eta Merino area barruan jartzen zituzten baloien bila iristen zela.

Celtak sufritu egin du Realaren azken ahaleginekin, baina, azkenerako, etxekoak punturik gabe geratu dira beste jardunaldi batez; izan ere, puntu bakarra poltsikoratu dute txapelketa berriro abiatu denetik jokatutako lau jardunaldietan.

Fitxa teknikoa:

0 - Reala: Remiro, Monreal (Muñoz, 58. min), Llorente, Elustondo, Zaldua (Gorosabel, 75. min), Merino, Zubimendi; Oyarzabal (Isak, 75. min), Odegaard (Portu, 58. min), Januzaj eta Willian José.

1 - Celta: Blanco, Olaza, Murillo, Aidoo, Vázquez; Rafinha, Bradaric (Araujo, 77. min), Beltrán (Brais, 46. min); Aspas (Saéz, 77. min), Mina (Smolov, 84. min) eta Suárez (Nolito, 70. min).

Gola: 0-1, 44. min: Iago Aspas, penaltiz.

Epailea: Prieto Iglesias. Txartel horiak: Monreal, Llorente eta Zubimendi (Reala); Rafinha eta Smolov (Celta).