Itxi

Reala

1-1

Realak Levanteren aurka berdindu eta puntu bat eskuratu du

Erredakzioa

Talde txuri-urdina irabazten hasi da Isaken golari esker, baina ia jarraian berdindu du norgehiagoka talde valentziarrak Moralesek sartu duen golarekin. Gol biak lehen zatian izan dira.

  • Isak

    Isakek Levanteren aurka gola sartu duen jokaldian orpoz egin duen errematea. Argazkia: EFE

Realak berdindu egin du Levanteren aurka (1-1) Ligako 34. jardunaldiko partida eta puntu bakarrean handitu du zortzigarren den Athleticeko duen abantaila. Txuri-urdinek hiru puntu ateratzen dizkiote zuri-gorriei.

Norgehiagoka erritmo  biziarekin hasi da, eta lehen minutuetan abagunerik egon ez den arren, bi minututan bi gol etorri dira. Realak hartu du aurrea 13. minutuan; Oyarzabalek erdiraketa jarri du ezker hegaletik, eta Isakek 0-1ekoa sartu du, orpoz errematatuta. Gol ikusgarria sartu du suediarrak.  Pozak, ordea, ez dio asko iraun talde txuri-urdinari, lau minutu beranduago Levantek lehia berdindu baitu Moralesen golari esker (1-1). Levanteko jokalariak pase luzea jaso du, Realeko defentsa gaizki kokatuta egon da, eta Moralesek ez du barkatu Moya atezainaren aurrean.

Talde bakoitzak gol bana sartu ondoren, 20. Minutuan Realak izan du bigarren gola sartzeko aukera bikaina, baina Portuk langa gainetik kanpora bidali du jaurtiketa, Aitor Fernandez atezainaren aurrean bakarrik geratu ostean. Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldea izan da baloiaren jabe, eta Levante kontraerasoan min egiten saiatu da, abagunerik sortu ez duen arren.

Erasora jotzeko asmoarekin zelairatu dira bi taldeak bigarren zatian, baina asko kosta zaie abaguneak sortzea. Realak saiakera egin du 59. minutuan, baina Aitor Fernandezek arazorik gabe gelditu du Mikel Merinoren jaurtiketa. Levante ere ez da gai izan gola sartzeko aukera argiak sortzeko. Ura edateko azken hutsartearen aurretik, etxeko taldeak oso gertu izan du gola; jokaldi ona lotu dute, Melero area barruan sartu da, eta Moya atezainak Levanteko jokalariaren errematea saihestu du.

Berdinduta heldu da partida azken hamar minutuetara, eta abagune bikaina izan du Levantek, 81. minutuan; Campañak buruz egin duen errematea, ordea, kanpora joan da Moyak babestutako ateko zutoina urratuta. Talde valentziarra izan da nagusi neurketako azken txanpan, baina ezin izan du Realaren atea zulatu, eta berdinduta amaitu da partida.

Fitxa teknikoa:

1 - Levante: Aitor Fernandez, Miramon, Vezo, Postigo (Rober Pier, 83. min), Clerc, Vukcevic (Melero, 72. min), Campaña, Radoja, Rochina (Hernani, 83. min), Morales (Roger, 72. min) eta Mayoral (Sergio Leon, 88. min).

1 - Reala: Moya, Gorosabel, Aritz Elustondo, Le Normand, Aihen (Monreal, 84.  min), Zubimendi (Llorente, 53. min), Merino, Odegaard (Zubeldia, 53. min), Portu, Oyarzabal (Barrenetxea, 67. min) eta Isak (William Jose, 84. min).

Golak: 0-1, 12. min: Isak. 1-1, 16. min: Morales.

Epailea: Pizarro Gomez. Txartel horiak atera dizkie Vukcevic eta Postigo Levanteko jokalariei, baita Zubimendi eta Aritz Elustondo Realeko futbolariei.