Itxi

Reala

0-1, Rijekaren aurka

Realak garaipenarekin ekin dio Europa Ligari

Erredakzioa

Talde txuri-urdinak 0-1eko emaitzarekin irabazi dio Rijekari. Bautistak sartu du partidako gol bakarra, 92. minutuan.

  • Rijeka - Reala

    Realeko jokalariak Rijekaren aurka lortutako garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

Realak garaipena lortu du Rijekaren aurka (0-1) Europa Ligako multzoen faseko lehen jardunaldian. Talde txuri-urdinak hiru puntu eskuratu ditu eta F multzoko liderra da, AZ Alkmaarrekin berdinduta, Herbehereetako taldeak garaipena lortu baitu Napoliren aurka (0-1).

Ondo ekin dio neurketari Realak, baloiaren jabe izanez eta abaguneak sortuz. Mikel Merinok eman du lehen abisua buruz egin duen erremate baten bidez. Ondoren, ordea, Remiro atezainak Rijekaren gola eragotzi du Loncarren jaurtiketa desbideratuta eta Kulenovicen errematea geldituta. Susto horren ostean, berriro talde txuri-urdina izan da nagusi berdegunean, eta 21. minutuan Portuk abagune bikaina izan du, baina errematea egin beharrean pasea eman nahi izan du, eta gola sartzeko aukera alferrik galdu du. Norgehiagokako 25. minutuan, Nevistic atezainak Oyarzabalen jaurtiketa gelditu du. Bi minutu beranduago, Le Normadek langara bidali du errematea. Rijekak abagune gutxi izan ditu lehen 45 minutuetan, baina 38.ean Loncar gola sartzetik gertu egon da gutxigatik kanpora Joan den jaurtiketaren bidez. Realak azkar erantzun du, eta abagune argia izan du atsedenaldira iritsi aurretik: 42. minutuan Portuk kanpora bidali du errematea Gorosabelen erdiraketa onaren ostean.

Bigarren zatian, talde gipuzkoarra izan da baloiaren jabe, baina Realari gehiago kosta zaio gola sartzeko aukera argiak sortzea. Portuk aukera argia alferrik galdu du 56. minutuan, Isaken pasea jaso eta errematea kanpora bidalita. Ondorengo minutuetan bi taldeetako batek ere ez ditu gol aukerak sortu, 83. minutuan Oyarzabalek egin duen jaurtiketa zutoinera joan den arte; Realeko jokalariak area barrutik errematea egin du, eta baloia zutoinera. Partidako 88. minutuan,  Monrealek area barrutik jaurti, eta Nevistic atezainak txuri-urdinen gola saihestu du. Ekinean jarraitu du Realak azken unera arte, eta Jon Bautistak 0-1ekoa sartu du 92. minutuan; Mikel Merinok pase ona eman, eta aurrelariak ez du barkatu Nevistic atezainaren aurrean.

Bautistak berak bigarren gola sartzeko aukera izan du, 94. minutuan, baina atezainaren aurrean egin duen jaurtiketa kanpora joan da, oso desbideratuta. Neurketa Realaren garaipenarekin amaitu da.

Fitxa teknikoa:

0-.Rijeka: Nevistic; Tomecak, Escoval, Velkoski, Smolcic, Stefulj; Pavicic, Cerin, Andrijasevic (Yateke, 61. min), Loncar (Capan, 87. min); Kulenovic (Lepinjika, 77. min).

1.-Reala: Remiro, Monreal, Le Normand, Aritz, Gorosabel; Zubimendi, Merino, Silva; Portu (Januzaj, 89. min) Oyarzabal (Bautista, 85. min), Isak (Willian Jose, 72. min).

Epailea: Bartosz Frankowski (Polonia). Txartel horiak atera dizkie Andrijasevic, Pavicic, Capan, Lepinjika Rijekako jokalariei, baita Merino Realeko futbolariari.

Gola: 0-1, 92. min: Jon Bautista.