Itxi

Reala

Positiboak Granadan

Anoetako partida jokatu egingo da, Lehiaketa Batzordeak Granadari atzeratzea ukatuta

Agentziak | Erredakzioa

Neurketa jokatzea airen zegoen Granadak partida atzeratzea eskatu zuelako, lehen taldean dituen positiboen ondorioz.

  • Aurreko denboraldiko Reala-Granada partidaren irudia

    Aurreko denboraldiko Reala-Granada partidaren irudia. Argazkia: Efe.

Espainiako Futbol Federazioko Lehiaketa Batzordeak Granadak gaur Anoetan Realaren aurka jokatu behar duen ligako partida atzeratzeko eskaera baztertu du, eta, ondorioz, neurketa aurreikusi bezala jokatuko dute, 16:15etatik aurrera.

Neurketa jokatzea airean zegoen Granadak bere lehen taldean dituen koronabirus positiboen ondorioz atzeratzea eskatu zuenetik, baina Realak konfirmatu duenez, Lehiaketa Batzortzeak erabaki du andaluziarrek jokalari nahikoa dutela osasun protokoloa bete eta partida jokatzeko.

Egoeraren jatorria Granadak Ziprera egindako bidaian dago, Omonia Nicosia taldearen aurka Europa Ligako partida jokatzeko (0-2). Antonio Puertas jokalariak positibo eman zuen bidai horretan.

Ziprera joan ziren guztiei PCR probak egin zizkieten Granadara iristean eta negatibo eman zuten, baina ezin dute Anoetan jokatu gaixotasuna pasa ez badute bidaian Puertasekin egon zirelako.

Ziprera joan zirenek ezin dute jokatu

LaLigako protokoloaren arabera, positiboa eman zutenekin Ziprera bidaiatu zuten jokalariek ezin dute gaur Anoetan jokatu, PCR probetan negatibo eman arren, gaixotasuna gainditu eta antigorputzak dituztenak kenduta.

Egun, Granadan baja dira COVID-19agatik Antonio Puertas, Jesus Vallejo eta Roberto Soldado, azken horrek gaixotasuna gaindituta izan dezakeen arren, azken hiru asteak etxean isolatuta eman ostean. Horiez gaiz, talde teknikoko lau kide ere gaixo daude, Diego Martinez entrenatzailea barne.

Granada, lehen taldeko zazpi jokalarirekin bakarrik

Granadak lehen taldeko zazpi jokalarirekin bakarrik ekingo dio gaur Anoetan jokatu behar duen partidari. Horien artean defentsa bakarra dago eta atezainik ez.

"Taldeak datozen orduetan bidaiatuko du Donostiara LaLigaren irizpideak betetzen dituzten lehen taldeko zazpi jokalariekin", konfirmatu du klubak, igande goizean bertan, ohar baten bidez.

Gutxienez, bost jokalari

Honen harian, LaLigak gogora ekarri du, COVID-19aren aurkako protokoloaren araudiaren arabera, partida bat jokatzeko nahikoa dela lehen taldeko bost jokalari neurketan aritzeko moduan izatea.