Itxi

Reala

Anoetan

Reala-Getafe (0-0): Puntu eskasa

Erredakzioa

Partida parekatua jokatu dute donostiarrek eta madrildarrek eta berdinketa justua izan da. Pedro Leonek langara bidali du baloia luzapenean.

  • Griezmann eta Pedro Rios. Argazkia: EFE

    Griezmann eta Pedro Rios. Argazkia: EFE

Realak hutsean egin du Getaferen aurka BBVA Ligako 9. jardunaldiko partidan. Realak garaipena beharrezkoa zuen eta eskuratutako puntua ez da nahikoa.

Parekatua izan da lehen zatia Anoetan. Hasierako minutuetan berdegunean tokia aurkitzea helburu izan dute talde biek. Partidako lehen aukera garbia bisitariena izan da (7. minutuan). Valerak ondo erdiratu du eskuinetik eta Sarabiaren erremate gora joan da.

18.ean 1-0ekoa egiteko aukera izan du Griezmannek. Baina Moya atezainak frantziarraren jaurtiketa aldaratu du geldiketa bikain bati esker. Realak aurkaria ezustean harrapatzeko pare bat kontraeraso izan ditu, baina ez da atera hurbiltzeko gai izan. Atsedenaldian, 0-0.

Joko eskasa norgehiagokaren bigarren zatian, lehenengoaren oso antzekoa. Montanier eta Garrido entrenatzaileek aldaketak egin dituzte. Talde txuri-urdinean Joseba Llorente sartu da Ifranen ordez eta Getafen, Abdel eta Pedro Leon zelairatu dira.

Mikuk izan du bigarren zatiko abagune argiena, 76. minutuan. Claudio Bravori esker ez du Getafek 0-1ekoa lortu. Minutu batzuk lehenago buruz errematatu du Prietok, baina haren errematea kanpora joan da. Pedro Leonek langara bidali du baloia luzapenean.

Fitxa teknikoa:

0.- Reala: Bravo; Carlos Martinez, Demidov, Iñigo Martinez, De la Bella; Mariga, Griezmann, Xabi Prieto (Cadamuro, 80'), Zurutuza; Diego Ifran (Joseba Llorente, 64') eta Agirretxe (Vela, 75').

0.- Getafe: Moya; Torres, Lopo, Cata Diaz, Valera; Ruben Perez, Lacen, Rios (Barrada, 64'), Sarabía (Pedro Leon, 70'), Diego Castro; Miku (Guiza, 88').