Itxi

Reala

EUROPA LIGA

Realak merezitako puntua lortu du Alkmaarren (0-0)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

F multzoa estutu egin da: Napoli liderra da 9 punturekin, Realak eta AZ Alkmaarrek 7 puntu dituzte eta Rijeka azkena da, 0 punturekin.

  • Oyarzabal

    Oyarzabal. Argazkia: EFE

Realak merezitako puntua atera du AZ Alkmaarreko zelaitik. Izan ere, Herbeheretako taldeak duela hiru aste Donostian baino gehiago aurrera jo du, nahiz eta Mikel Merino eta Cristian Portu gola sartzeko zorian egon diren norgehiagokaren amaieran.

Azken emaitzen ondorioz, F multzoa estutu egin da. Napoli liderra da 9 punturekin, Realak eta AZ Alkmaarrek 7 puntu dituzte eta Rijeka azkena da, 0 punturekin.

Partidan zehar bi taldeek izan dituzte aukerak, baina bakar bat ere ez du atea ikusi. 30. minutuan, AZ Alkmaar aurreratzeko zorian egon da, kontraeraso azkar bati esker. Stengsek sekulako pasea eman dio Midtsjori, baloiak Oyarzabal jo du eta Remirok geldiketa ona egin du.

Jarraian, epaileak jokoz kanpo faltsua seinalatu dio Isaki. Gola sartzeko aukera paregabea zen, bakarrik gelditu delako atezainaren aurrean.

Atsedenaldiaren bueltan, AZ Alkmaarrek hiru aukera arriskutsu izan ditu. Donostiarrek sufritu dute, bigarren zatiaren hasieran nederlandarrek estutu dutelako, baina gutxinaka gogogabetzen joan dira.

Oyarzabalek falta arriskutsua eragin du arearen ertzean. Jaurtiketak hesia kolpatu du, baina baloia Porturi erori zaio eta bere erremateak William Joseren bizkarrean jo du.

Azken minutuetan norgehiagoka zoratu egin da, taldeek ez zutelako berdinketarik nahi. Zakaria Aboukhlalek buruarekin gora bidali du baloia, etxekoentzako aukera on batean. Gero, Mikel Merinok makiletik gertu jaurti du baloia, donostiarren azken aukeran.

Fitxa teknikoa:

0 - AZ Alkmaar: Bizot; Winjdal, Martins Indi, Hatzidiakos, Svensson; Koopmeiners, De Wit, Midtsjo; Karlsson (71. min, Aboukhlal), Gudmundsson (71.min, Boadu) eta Stengs.

0 - Reala: Remiro; Monreal, Le Normand, Elustondo, Zaldua; Januzaj (73.min, Lopez), Merino, Zubimendi, Portu (82.min, Barrenetxea); Oyarzabal (86.min, Merquelanz) eta Isak (73.min, William Jose).

Epailea: Aleksandar Stavrev. Txartel horiak atera dizkie AZ Alkmaarreko Midtsjori, Svenssori, Martins Indiri eta Boaduri, eta Realako Oyarzabali.