Itxi

Reala

Anoetan

Reala-Espanyol (0-0): Ezin arnasa hartu

Erredakzioa

Txuri-urdinek nahikoa ez den puntua lortu dute gol aukera ugari izan dituen partida eroan. Reala galduta aritu da bigarren zatian eta garaipena gertuago izan du Espanyolek.

02:45
Zaleen 'etsipena' normaltzat hartu du Montanierrek

Realak ezin izan du Espanyolen aurka hain beharrezkoa zuen garaipena lortu (0-0). Ondo egin dute txuri-urdinek lehen zatian, baina  bigarrenean okerrera egin du euren jokoak eta aurkariak gutxigatik ez du hiru puntuak eskuratu.

Parekatua eta intentsitate handiko lehen zatia Anoetan. Ez da aspertzeko denborarik egon. Biek baloiaren jabetza izan dute helburu, baina neurketa "apurtu" da eta gol aukerak ugariak baina alferrikoak izan dira.

Mauricio Pochettinoren gizonek arriskua sortu dute eta pare bat abagune izan dituzte. 20. minutuan solte geratu da baloia area barruan, baina Thievyk ezin izan du Bravo gainditu. 38.ean Txileko atezaina ezustean harrapatzeko zorian izan da Weiss.

Baina aukera gehiago eta argiagoak izan ditu Philippe Montanierren taldeak. Arriskua eskuinetik sortu dute batez ere Xabi Prietoren erdiraketak ugariak izan dira. Espanyoleko atzelariak eta Cristian Alvarez ateina Joseba Llorenteren amesgaiztoa izan dira. Velaren paseak politak izan dira oso; Illarramendi ere gakoetako bat izan da. Baina agian abagunerik argiena Imanol Agirretxerena izan da 44.ean. Usurbilgoa bakarrik geratu da, baina bere errematea kanpora joan da.

Espanyol nagusi izan da bigarren zatian. Realak joko zuzenaren alde egin du eta minutuek aurrera egin ahala desagertzen joan da.

Espanyolek baloiaren jabetza erdietsi du eta Thievy, Weiss eta Romaric jokalariek 0-1eko sartzeko abaguneak izan dituzte. Baina sustorik handiena 79.ean izan da Gomezen jaurtiketa langak aldaratu duenean. Reala saiatu da azken minutuetan, baina galduta eta ideiarik gabe zegoen. Puntu bat batu dute azkenean, eta eskerrak.

Fitxa teknikoa:

Reala: Bravo; Carlos Martinez, Cadamuro (Estrada, 65'), Ansotegi, Mikel Gonzalez; Mariga (Pardo, 77'), Illarramendi (Aranburu, 71'), Xabi Prieto, Agirretxe; Joseba Llorente.

0-Espanyol: Alvarez; Galan, Raul Rodriguez, Hector Moreno, Didac, Raul Baena; Weiss (Rui Fonte, 82'), Romaric, Verdu, Sergio Garcia (Thievy, 16'); Alvaro (Cristian Gomez, min. 75).