Itxi

Reala

Europa Liga

Realak lider jartzeko aukera alferrik galdu du Sturm Grazen aurka berdinduta

A. B. E. | EITB Media

Talde txuri-urdinak bana berdindu du Reale Arenan jokatu duen Europa Ligako B multzoko laugarren jardunaldiko partidan. Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldeak bigarren postuan jarraitzen du, Monakok eta PSVk ere berdindu egin baitute.

  • Reala - Sturm Graz

    Reala - Sturm Graz partidako jokaldi bateko irudia. Argazkia: EFE

Realak 1-1 berdindu du Sturm Grazen aurka Reale Arenan ostegun honetan jokatu duen Europa Ligako multzoen faseko laugarren jardunaldiko partida. Talde txuri-urdinak B multzoko sailkapeneko bigarren postuan jarraitzen du, 6 punturekin, Monakok (liderra, 8 punturekin) eta PSVk (hirugarren, 5 punturekin) golik gabe berdindu baitute. Sturm Graz dago azken postuan, puntu bakarrarekin.

Euskal taldea baloiaren jabe egin da hasieratik, eta hainbat abagune izan ditu lehen zatian. Norgehiagokako hirugarren minutuan, Silvak izan du gola sartzeko aukera, baina jaurtiketa kanpora bidali du Aihen Muñozen pase ona jaso ostean. Sturm Graz taldeak atzean sartuta abiatu du partida, eta horren erantzuna 11. minutuan iritsi da: Prassek erdiraketa egin du hegaletik, eta Jantscherren errematea Aihen Muñozek desbideratu du. Ondoren, beste bi abagune izan ditu Realak, baina Sorloth eta Merino ez dira fin ibili aurkariaren ate aurrean. Sturm Grazek beste abisu bat eman du 27. minutuan, baina Jantscherren jaurtiketa kanpora joan da oso gutxigatik. Jarraian, talde txuri-urdinaren erantzuna etorri da; Affengruberrek, ordea, gola saihestu du, Porturen errematearen ostean baloia atepetik aterata. Gehiegi barkatu du Realak, eta Sturm Grazek gola egin du 38. minutuan Jantscherren bidez (0-1): Austriako taldeak pase luzea eman, Le Normandek huts egin, Sarkariak baloia jaso, erdiratu, eta Jantscherrek ez du barkatu Remiro atezainaren aurrean.

Atsedenaldira iritsi baino lehen, Donostiako taldeak partida berdintzeko abagune paregabea izan du, baina Porturen jaurtiketari erantzun bikaina eman dio Siebenhandl atezainak.

Bigarren zatian ere, jaun eta jabe izan da Reala. Erasokor zelairatu da Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldea, eta 53. minutuan jaso du saria, Sorlothek gola sartu baitu (1-1): Realak kornerra atera, Zubeldiak baloia buruarekin jo, eta Sorlothek banakoa jarri du markagailuan.

Neurketa berdindu ostean, etxeko taldeak golak sartzeko hainbat aukera izan ditu. Sorlothek abagune argia alferrik galdu du 61. minutuan, eta Siebenhandl atezainak Aihen Muñozen jaurtiketa gelditzea lortu du jarraian. 69. minutuan, Ljubicek atepetik atera du baloia, Merinok egin duen errematearen ostean, eta Siebenhandlek gola saihestu du zazpi minutu geroago, Silvaren jaurtiketari erantzun ona emanda.

Azken txanpan ere, gola sartzeko aukera asko izan ditu Realak, baina Barrenetxea eta Isak ez dira Austriako taldeak defendatutako atea zulatzeko gai izan. Partidako 89. minutuan, talde txuri-urdineko Remiro atezainak Sarkariaren jaurtiketa gelditu du, eta norgehiagokako azken jokaldian epaileak baliorik gabe utzi du Zubeldiak sartu duen gola, Realeko jokalaria jokoz kanpo baitzegoen errematea egin duenean. Amaieran, berdinketa eta puntu bat talde bakoitzarentzat.

Fitxa teknikoa:

1 - Reala: Remiro; Gorosabel, Zubeldia, Le Normand, Muñoz (Rico, 82. min); Zubimendi, Merino, Silva; Sorloth (Isak, 82. min), Portu (Barrenetxea, 64. min) eta Januzaj.

1 - Strum Graz: Siebenhandl; Jager, Geyhofer, Wuthrich, Dante; Affengruber, Prass, Ljubic, Niangbo (Wels, 83. min); Sarkaria eta Jantscher (Kuen, 71. min).

Golak: 0-1, 38. min: Jantscher. 1-1, 53. min: Sorloth.

Epailea: Andris Treimanis (Letonia). Txartel horiak atera dizkie Zubimendi, Wuthrich, Siebenhandl eta Kuen jokalariei.