Itxi

2021/12/09

20:51

Reala

3-0

Realak Europa Ligako final-hamaseirenetarako txartela lortu du PSV mendean hartuta

A. B. E. | EITB Media

Talde txuri-urdinak 3-0eko emaitzaren irabazi du PSV Eindhovenen aurka jokatu duen partida. Multzoen fasea bigarren postuan amaituta, aurrera egin du txapelketan.

  • Oyarzabal eta Januzaj

    Oyarzabal (Reala) PSVri sartutako gol bat ospatzen, Januzajekin batera. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Realak irabazi egin du PSV Eindhovenen aurka (3-0) ostegun honetan Reale Arenan jokatu duen Europa Ligako multzoen faseko seigarren jardunaldiko partida eta txapelketako hurrengo faserako txartela lortu du.

Final-hamaseirenetan egongo da talde txuri-urdina, B multzoko bigarren sailkatu moduan. Beste multzoetako bigarren sailkatuekin eta Txapeldunen Ligako multzoen fasean hirugarren postuan amaitu duten taldeekin batera egongo da astelehenean egingo den final-hamaseirenetako zozketan. Europa Ligako multzoen fasea lidergoan bukatu duten taldeak final-zortzirenetara sailkatuta daude.

Neurketako bigarren minutuan izan du lehen abagunea PSVk, baina Aritz Elustondo gurutzatu da baloia mozteko eta area barruan bakarrik zegoen Gakporen errematea ekiditeko. Realaren erantzuna 15. minutuan iritsi da; Isakek atzean utzi ditu aurkariak, area barruan sartu da, eta jaurtiketa atezainaren gorputzera bota du. Minutu bat beranduago, PSVk kontraerasoa antolatu, eta Remiro atezainak gelditu du Gakporen errematea. Ondoren, 21. minutuan, Remirok Herbehereetako taldearen gola eragotzi du, Mweneren jaurtiketa kornerrera desbideratuta. Norgehiagokako 35. minutuan ere gertu izan du gola PSVk, baina Brumaren jaurtiketa langa jo du, eta ez da  sare barrura sartu.

Reala partidan momentu txarra pasatzen ibili denean, 40. minutuan, epaileak talde txuri-urdinaren aldeko penaltia adierazi du, Mwenek area barruan eskuarekin moztu baitu Januzajen jaurtiketa. Oyarzabalek jaurti du penaltia eta 1-0ekoa jarri du markagailuan.

Norgehiagoka atsedenaldira iristear zenean, talde bisitaria berdinketa lortzetik gertu egon da, baina Boscagliaren jaurtiketa gurutzatua kanpora joan da, gutxigatik.

Bigarren zatian, atzean itxaron dio Realak PSVri. Herbehereetako taldea erasokor zelairatu da, baina ez du abagune argirik sortu lehen minutuetan. Neurketako 61.minutuan, talde bisitariak huts egin du defentsan, eta Oyarzabalek bigarren gola sartu du (2-0).

Talde txuri-urdinak bideratuta utzi du garaipena bigarren gola sartu ostean. Gainera, 78. minutuan  PSV jokalari bat gutxiagorekin geratu da Sangarek bigarren txartel horia ikusi baitu Zubimendiri ukondokada emateagatik.

Azken txanpan eroso jokatu du Realak eta beste golen bat sartzeko aukera izan du; Sorlothek izan du abagunea 84. minutuan, baina baloia gehiegi loratu du Drommel atezainaren aurrean. Partida amaitzear zenean, 94. minutuan, Sorlothek talde txuri-urdinaren garaipena biribildu du gola sartuta (3-0).

Fitxa teknikoa:

3.- Reala: Remiro; Zaldua, Elustondo, Le Normand, Aihen; Zubimendi (Pacheco, 83. min), Zubeldia, Oyarzabal (Gorosabel, 83. min); Januzaj (Turrientes, 69. min), Isak (Sorloth, 80. min) eta Portu (Barrenetxea, 69. min).

0.- PSV Eindhoven: Drommel; Mauro Jr (Max, 85. min), Boscagli, Ramalho, Mwene (Teze, 69. min); Sangare, Gutierrez; Bruma, Götze; Doan (Madueke, 61. min) (Vertensen, 68. min) eta Gapko (Vinicius, 61. min).

Golak: 1-0, 43. min: Oyarzabal, penaltiz. 2-0, 61. min: Oyarzabal. 3-0, 94. min: Sorloth.

Arbitro: Felix Zwaye (Alemania). Sangare PSVko jokalaria egotzi du bigarren txartel horia aterata, 74. minutuan. Zubimendi, Isak, Boscagli, Mwene, Götze eta Bruma jokalariei ere txartel horia bana atera die.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;