Itxi

Reala

Gola bere atean sartuta

Realak kale egin du Alfonso Perez Coliseumean

Erredakzioa

Getaferen aurka jokatutako partida berdindua izan da eta Iñigo Martinezek bere atean sartutako gol baten ondoriz lortu du garaipena Madrileko taldeak. Bravok huts egin du baloia aldentzerakoan.

  • Realak 1-0 galdu du Getaferen aurka. Argazkia: EFE

Realak 1-0 galdu zuen Getaferen aurka Alfonso Perez Coliseumean jokatu zen partida. Norgehiagoka berdindua izan zen, baina txuri-urdinek defentsan egindako huts batek hiru puntuak eman zizkion etxeko taldeari.

Partidak erritmo motela izan zuen eta bi taldeei kosta egin zitzaien gol aukerak sortzea. Dena den, partidako lehen gol aukera Realarentzat izan zen. Velak gol argia huts egin zuen. Baloia iritsi zitzaion Moyaren aldentze baten ondoren eta atepean inor ez zegoelarik mexikarraren jaurtiketa kanpora joan zen. Getaferen erantzuna jarraian iritsi zen. Mikuren errematea langa urratuz kanpora joan zen. Minutuak aurrera joan ahala partida bortitz jarri zen eta lehen zatiaren amaieran gol aukera bana izan zuten. Zurutuzak gola sartzeko aukera argia galdu zuen Moya atezainaren aurrean eta minutu gutxi geroago, Miku bakarrik geratu zen Bravo atezainaren aurrean eta jaurtiketa gora bidali zuen. Lehen 45 minutuak golik gabe bukatu ziren (0-0).

Bigarren zatian gol aukera gutxiago egon ziren. Getafek hobetu egin zuen atsedenalditik bueltan eta ez zion erraztasunik eman Realari. Alexisek bi gol aukera izan zituen. Bata buruz langa gainetik bidali zuen eta bestean kale egin zuen Pedro Leonen pase dotore bat hartuta.

Joan etorrian zebilen neurketa. Inor ez zen baloiaren jabe eta erotuta zegoen partida. Joan etorri horretan, Getafek zorte handiagoa izan zuen eta 82. minutuan gola lortu zuen. Bravok huts egin zuen erdiraketa bat aldentzean, baloiak Iñigo Martinezen bizkarrean jo eta sare barrura sartu zen (1-0). Azken minutuetan, Reala ez zen berdinketaren gola sartzeko gai izan eta garaipena Getafek eraman zuen.

Fitxa teknikoa:

1 - Getafe: Moya, Valera, Rafa (Miguel Torres, m.43), Alexis, Mane Michel, Lacen, Pedro León (Casquero, m.85), Barrada, Diego Castro eta Miku (Güiza, m.67).

0 - Reala: Bravo, Estrada, Demidov, Iñigo Martinez, Cadamuro, Markel Bergara (Elustondo, m.15), Illarramendi, Zurutuza (Agirretxe, m.82), Xabi Prieto, Vela (Ifran, m.72) eta Griezmann

Gola: 1-0, m.82: Iñigo Martinez, bere atean.
Epailea: Fernandez Borbalan.