Itxi

Reala

Errege Kopa

Realak Kopako final-laurdenetarako txartela lortu du Atletico Madrilen aurka erakustaldia emanda

A. B. E. | EITB Media

Talde txuri-urdinak 2-0eko emaitzarekin irabazi du koltxoneroen aurka jokatu duen Errege Kopako final-zortzirenetako partida. Januzaj eta Sorloth izan dira golegileak.

Reala

Realak Errege Kopako final-laurdenetarako txartela lortu du asteazken honetan Atletico Madrili irabazita (2-0) Reale Arenan jokatu den final-zortzirenetako neurketa.

Talde txuri-urdina nagusi izan da hasieratik amaieraraino, eta norgehiagoka ona jokatu du. Bosgarren minutuan izan du lehen abagunea Realak, baina Elustondoren errematea kanpora joan da. Bost minutu geroago, Januzajek zutoinera bidali du baloia. Atletico Madrilen erantzuna 15. minutuan iritsi da, Carrascok egin duen jokaldi bikain baten bidez, baina belgikarraren jaurtiketak zutoina jo du eta ez da sare barrura sartu.

Minutuak pasatu ahala, Donostiako taldea gero eta gehiago nagusitu da. Ekinean ibili da Reala, eta saria jaso du 32. minutuan; Zalduak hegaletik erdiratu, eta Januzajek ate barruan sartu du baloia (1-0).

Atletico Madrilek gutxi egin du erasoan lehen zatian, baina atsedenaldira iritsi orduko, Joao Felixek area kanpotik egindako jaurtiketak zutoina jo du.

Bigarren zatia ezin hobeto hasi da txuri-urdinentzat: Sorlothek 2-0ekoa jarri du markagailuan, Oblak atezainarekin izan duen buruz burukoa ondo amaituta. Txuri-urdinen bigarren golak bideratuta utzi du garaipena Realarentzat. Hala ere, Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldea ez da erlaxatu, eta nagusi izaten jarraitu du. Baloiaren jabe izan da Reala, eta abaguneak izan ditu gol gehiago sartzeko; Donostiako taldeari, ordea, erasoko jokaldiak amaitzea falta izan zaio.

Azken txanpan, atzean sartu da Reala. Atletico Madril saiatu da desabantaila murrizten, eta abagunea izan du 79. minutuan, baina Remiro atezainak Madrilgo taldearen gola eragotzi du Cunharekin izan duen buruz burukoan garaile aterata.

Ondo egon da Reala defentsako lanean partidako azken minutuetan, eta garaipenak ez dio ihes egin.

Fitxa teknikoa:

2.- Reala: Remiro; Zaldua, Elustondo, Le Normand, Aihen Muñoz (Rico, 62. min); Guevara (Zubimendi, 77. min), Merino, Silva (Rafinha, 62. min); Januzaj (Zubeldia, 85. min), Oyarzabal eta Sorloth (Portu, 85. min).

0.- Atletico Madril: Oblak; Vesaljko, Felipe, Hermoso, Lodi (Lemar, 55. min); Carrasco (Carlos Martin, 77. min), De Paul (Serrano, 77. min), Herrera, Koke (Luis Suarez, 55. min); Correa (Cunha, 55. min) eta Joao Felix.

Golak: 1-0, 32. min: Januzaj. 2-0, 47. min: Sorloth.

Epailea: Alberola Rojas. Txartel horia atera die Aihen Muñoz eta Silva txuri-urdinei eta Hermoso, Felipe eta Cunha koltxoneroei.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena