Itxi

Reala

Polemika

VARak "erabaki zuzena hartzeko irudi zuzena" erabili zuela adierazi du Hawk-Eye enpresa arduradunak

Agentziak | EITB MEDIA

"Telebistara okerreko irudia bidali zen, baina akatsa berehala zuzendu zuten", adierazi dute ohar batean.

  • Remiro, Merino eta Rafinha, Betisek Reala Kopatik kaleratu ostean

    Remiro, Merino eta Rafinha, Betisek Reala Kopatik kaleratu ostean. Argazkia: Efe.

Epaileek Errege Kopan duten VAR laguntzaile teknikoa eskaintzen dieten Hawk-Eye enpresak ohar bat atera du goizaldean Reala-Betis partidan gertatutako akatsa "ikertzen" ari dela jakinarazteko. Final-laurdenetako kanporaketa horretan, donostiarrek gola egin zuten jokaldia aztertzean, jokoz kanpokoa markatzen zuen marra gaizki jarrita zegoen.

"Hawk-Eye Reala-Betis final-laurdenetako kanporaketan aztertutako jokoz kanpoko jokaldian sortutako arazoa ikertzen ari da", adierazi du enpresak Januzajen gola balio gabe uzteak polemika sortu ostean. Golak banakoa jarriko zukeen markagailuan.

"VARak irudi zuzena erabili zuen erabaki zuzena hartzeko. Arazoa sortu zen okerreko irudia telebistara bidali zutenean, baina akats hori berehala zuzendu zuten", azaldu du Hawk-Eyek. Teknikariak "prozesua aztertzen ari dira bidalketaren akatsa non gertatu zen jakiteko".

Telebistan erakutsitako irudian ikusten zenez, Marc Bartra Betiseko azken jokalariaren erreferentzia ez zen bere oinerakoa, marra gainetik pasatzen zelako. Hala ere, marra zuzenduta, eta irudia telebistara bidalita, jokoz kanpokoa konfirmatu egin zuten, zentimetro gutxi batzuengatik, eta Januzajen gola baliorik gabe utzi zuten. Betis 0-4 gailendu zen azkenean.