Itxi

Reala

3-0 Anoetan

Realak mailari eutsi eta Racing ahul bat bigarren mailara bidali du

Erredakzioa

Lehen zati eskas baten ostean partida azkar Realaren alde jarri da bigarren zatian. Griezmannek gola sartu eta Racing behera etorri da. Realak ez du denbora asko behar izan neurketa erabakita uzteko.

  • Argazkia: EFE

    Realeko jokalariak Racingen aurkako garaipena ospatzen. Argazkia: EFE

Fitxa teknikoa:

Reala: Bravo; Estrada, Mikel Gonzalez, Ansotegi, De la Bella; Elustondo, Illarramendi (Zurutuza, 64. minutua), Aranburu, Xabi Prieto (Diego Ifran, 81. minutua), Griezmann; Carlos Vela (Agirretxe, 68. minutua).

Racing: Mario; Alvaro, Torrejon, Francis, Cisma (Adrian, 60. minutua); Diop (Gullon, 75. minutua), Colsa, Jairo, Edu Bedia, Julian Luque (Munitis, 45. minutua), Acosta.

Golak: 1-0, 47. minutua: Griezmann. 2-0, 70. minutua: Griezmann. 3-0, 82. minutua: Agirretxe.

Realak garaipena lortu du gaur Anoetan, Bigarren Mailara matematikoki jaitsi den Racing baten aurka. Horrela, mailari eutsi eta denboraldi bat gehiago lehen mailan emango dute donostiarrek.

Norgehiagoka erritmoarekin hasi da eta Realak azkar mendean hartu du Kantabriako taldea, baina ez du ia arriskurik sortu Racingen ate inguruan. Abagune argiena Velak izan du. Aurrelari mexikarrak Xabi Prietoren erdiraketa bikain bat buruz errematatu du, baina Racingeko atezainak geldiketa ona egin du.

Minutuak aurrera egin ahala norgehiagokak bizitasuna erabat galdu du eta neurketa aspergarria bihurtu da. Aranburu desagertuta egon da zelaian eta Realak nabaritu du. Horrela, atsedenaldira berdinketarekin joan dira bi taldeak eta Anoetan txistuak entzun dituzte jokalariek.

Partida trabatua zegoen eta berdinketak ez zion inori mesede egiten. Gainera, zaleak urduritzen hasiak ziren. Atsedenaldiaren ostean Antoine Griezmannen gola heldu da giroa baretzeko. Aranburuk jokaldia hasi eta Xabi Prietori baloia laga dio. Honen erdiraketa sareetara bidali du frantziarrak.

Racing ez da kokildu eta profesionaltasunez jokatu du, izan ere, emaitzak Bigarren Mailara bidaltzen zuen. Horrela, kantabriarrek Bravoren atea bilatu dute.

Amaierarako 20 minutu falta zirenean Realak erabakita utzi du partida. Taldeko jokaldi on batean Zurutuzak Griezmanni pase bikaina eman dio eta frantziarrak ez du barkatu.

Agirretxek markagailua itxi du azken minutuetan Griezmannen pase bat aprobetxatuta. Frantziarrak denboraldiko neurketarik onena jokatu du.