Reala
Atletico Madril-Reala (1-1)
Arimarik gabeko neurketa eta berdinketa Calderonen
Erredakzioa
Atleticok aurrea hartu du markagailuan, bigarren zatian, baina epaileak Gabi egotzi eta Realak erasora jo du. Azken hasperenean berdinketa lortu dute txuri-urdinek.
-
Argazkia: EFE
Fitxa teknikoa:
Atletico Madril: Courtois; Juanfran, Miranda, Dominguez, Filipe Luis; Mario Suarez, Gabi; Arda Turan (Salvio, 56. minutua), Koke; Adrian (Diego, 77. minutua) eta Falcao (Godin, 87. minutua).
Reala: Bravo; Carlos Martinez, Demidov, Mikel Gonzalez, Cadamuro; Elustondo, Zurutuza, Illarramendi (Llorente, 77. minutua), Xabi Prieto; Griezmann (Vela, 80. minutua) eta Agirretxe (Ifran, 59. minutua).
Golak: 1-0, 54. minutua, Gabi. 1-1, 91. minutua, Vela
Realak berdinketa (1-1) lortu du gaur Vicente Calderon estadioan, neurketa aspergarri batean. Atletico Madril eta Reala ez dira partidaren bila berdeguneratu eta horrek norgehiagoka motela eta distirarik gabekoa izatea eragin du. Aurreneko zatia berdinketa txepel batekin amaitu da eta koltxoneroek aurrea hartu dute bigarren zatian. Hala ere, txuri-urdinek neurketa berdintzea lortu dute azken hasperenean.
Lehen zatia oso aspergarria izan da Vicente Calderonen. Reala ongi jarrita berdeguneratu da eta Atletico Madril ez da Bravoren atean arriskua sortzeko kapaz izan.
Txuri-urdinek erasokorrago joka zezaketela ematen zuen, baina Montanierren jokalariak ez dira oso ausartak izan eta gola sartzeko abagune bakarra sortu dute. Illarrak jaurtiketa gurutzatua egin du area barruan, baina kanpora joan da gutxigatik, atzelari batean ukitu ostean.
Atletico Madrilen aukerarik onena Arda turkiarrak izan du. Koltxoneroaren burukada ozta-ozta kanpora joan da.
Aurreneko zatiak kontatzeko ezer gutxi gehiago izan du. Bi taldeek joko eskasa azaldu dute eta berdinketa aspergarria izan da atsedenaldian.
Bigarren zatiaren hasieran, Realak abagune argiena izan du Agirretxeren oinetan. Aurrelariak kale egin du Zurutuzaren erdiraketa bikaina jaso ostean. Pixkanaka-pixkanaka Atleticok hobetu egin du eta baloiak txuri-urdinen zelaian lapurtu ditu. 54. minutuan, Gabik jaurtiketa bikaina egin du eta baloia zutoinaren ondotik Bravoren atean sartu da.
Gabri neurketako protagonista bilakatu da berriro 74. minutuan. Epaileak erdilaria egotzi du. Gertaera erabakigarria izan da norgehiagokan, izan ere, donostiarrek erasora jo dute, berdinketaren bila. 91. minutuan Velak Juanfranen eta Courtoisen zalantzak aprobetxatu ditu eta berdinketa jarri du markagailuan. Atletico Txapeldunen Ligako postuetatik urrun utzi dute txuri-urdinek.