Itxi

Reala

EUROPA LIGA

Reala, multzoko lehen postua sendotzeko asmoz

Agentziak | EITB MEDIA

Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldeak Omonia Nikosia izango du aurkari, eta donostiarrek nahikoa dute Manchester Unitedek Sheriffen aurka lortutakoa baino emaitza hobea eskuratzea, lehen postua bereganatzeko.

  • Realako jokalariak gola ospatzen Mallorcaren aurka

    Realako jokalariak gola ospatzen Mallorcaren aurka. Argazkia: EFE

Hurrengo kanporaketarako sailkapena bermatuta izateak ematen duen konfiantzarekin, eta multzoko lehena izateko anbizioarekin, Realak Omonia Nikosiaren aurka jokatuko du ostegun honetan Zipren, multzoko liderra izaten jarraitzeko asmoz, eta final-zortziretara zuzenean igarotzeko aukerak finkatzeko.

Baliteke talde txuri-urdinak multzoko lehen postua matematikoki ziurtatzea ostegun honetan bertan, baina horretarako Manchester Unitedek baino emaitza hobea lortu beharko luke. Ingalaterrako taldeak Old Trafforden jokatuko Sheriff Tiraspolen kontra, Realaren ordu berean.

Imanol Alguacilentzat oraindik ere bajak dira buruko min nagusiena, eta 25 jokalari eraman ditu Zipreko lurretara. David Silva, eskuin muskulu femoralean min hartuta, izan da azkena erizaindegian sartzen, eta zerrendatik kanpo geratu da, Aihen Muñoz, Alex Sola, Ander Barrenetxea, Mohamed-Ali Cho, Mikel Oyarzabal eta Sadiq Umar ohiko jokalariekin batera.

Hutsune horiei aurre egiteko, entrenatzaile oriotarrak ondoen ezagutzen duenera jo du, harrobira, eta bigarren taldeko zazpi jokalari deitu ditu, besteak beste, Pablo Marin eta Jon Magunazelaia (deialdi batean estreinatzen den bigarren taldeko golegilea).

Kontrara, Alexander Sorloth deialdira itzuli da, Valladoliden aurkako partidan jokatu ezinda egon ostean, sukarrarekin zegoelako. Aste honetan normaltasunez entrenatu eta gero, jokatzeko prest dago, baina ikustear dago entrenatzaile txuri-urdinak hasieratik norvegiarraren aldeko apustua egingo duen ala ez.

Nolanahi ere, badirudi Alguacilek aldaketa dezente egingo dituela hasierako hamaikakoan, igandean Betis hartuko baitu Reale Arenan, Europako postuetarako lehian aurkari zuzena dena.

Aurrez aurre entrenatzailea aldatu berri duen Omonia Nikosia egongo da. Neil Lennon kargutik kendu eta Yannick Ferrera belgikarra fitxatu du.

Zipretarrek oraindik ez dute punturik lortu txapelketa honetan, eta ez dute sailkatzeko aukerarik, baina bai multzoko hirugarren izateko eta Konferentzia Ligan sartzeko. Horretarako, ia ezinbestekoa da Realaren aurka puntuak lortzea eta Sheriff Tiraspolen porrota itxarotea Manchesterren, azken jardunaldian Moldaviara bidaiatzeko.

 

Balizko hamaikakoak:

Omonia Nikosia: Uzoho; Mathews, Lang, Yuste, Lecjaks; Charalampous, Cassamá; Loizou, Papoulis, Bruno; eta Ansarifard. 

Reala: Remiro; Gorosabel, Aritz, Pacheco, Rico; Guevara, Merino, Turrientes, Brais; Carlos Fernández eta Sorloth edo Karrikaburu.

Epailea: Tomás Bognár (Hungaria)

Futbol-zelaia: GSP Stadium

Ordua: 21.00