Reala
Fitxaketa
Maider Castillo, Realaren emakumezkoen eliteko futbolaren arduradun berria
EITB MEDIA
Castillo, eibartarra bera, Levanten aritu da lanean, entrenatzaile, koordinatzaile eta Zuzendaritzaren kide gisa. Fitxaketarekin Realaren helburua da "proiektuari iraunkortasuna ematea, eta denboran zehar garatzen jarraitzea"; Garbiñe Etxeberria emakumezkoen futbol arduradunarekin batera ariko da.
-
Maider Castillo, Garbiñe Etxeberriarekin batera. Argazkia: Reala.
Realak Maider Castillo fitxatu du, klubeko emakumezkoen eliteko futbolaren arduradun berria izan dadin, asteartean Donostiako klubak iragarri duenez. Castillo, eibartarra bera, Levanten aritu da lanean, jokalari izateari utzi zionetik, entrenatzaile, koordinatzaile eta Zuzendaritzaren kide gisa. Fitxaketarekin, Realaren helburua da "proiektuari iraunkortasuna ematea, eta denboran zehar garatzen jarraitzea"; Garbiñe Etxeberria emakumezkoen futbol arduradunarekin batera arituko da.
Web orrian zabaldutako oharrean nabarmendu duenez, Realak "akordioa" lotu du Maider Castillorekin, "emakumezkoen eliteko futbolaren arduradun gisa sar dadin. Kluba etengabeko bilakaeran dago", azpimarratu du Realak, "horren adibide Izan eraikin berria da, eta, fitxaketa hau eginda, Realak emakumeen futbolaren aldeko apustua berresten jarraitu nahi du".
Maider Castilloren aurkezpena hurrengo egunetan egingo dute. Harekin eta Garbiñe Etxeberriarekin, Realak "formazio eta elite mailako klubik onena" izan nahi du.